Bitxikeria
Oreka TX dago Japonian entzundako Santa Ageda koplen atzean
Igor Otxoak azaldu digunez, Muji dendak enkargu bat egin zien hainbat euskal kantu tradizional moldatu eta disko bat osatzeko, mundu osoan dituzten dendetan jartzeko.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Mikel Reparaz lankideak Tokioko Shibuya inguruko Muji denda erraldoiko bozgorailuetan entzun zituen Santa Ageda koplekin harrituta gelditu ginen, baina dagoeneko argitu dugu misterioa 'Faktoria'n. Oreka TX musika taldeko Igor Otxoak azaldu digu multinazional japoniarrak hainbat euskal kanta tradizional moldatu eta disko bat osatzeko proposamena egin ziela.
Izan ere, Mujik urtero herrialde bat edo kultura bat aukeratzen du, eta bertako kantu tradizionalekin disko bat osatzen du munduan barrena dituen denda guztietan entzungai eta salgai jartzeko. Oreka TX musika taldeak ordezkaritza du Japonian, eta euren bitartez iritsi zitzaien proposamena: 22. diskorako Euskal Herriko kantu tradizionalen moldaketak nahi zituzten.
Proiektu horretarako, taldeko ohiko kideei hainbat musikari batu zitzaien, tartean, Iker Goenaga, Karlos Subiana eta Amaiur Cajarabille. Ahotsa, berriz, Miren Narbaizak, Sabina Idiñezek eta Igor Sagarnak jarri dute. Santa Ageda koplez gain, 'Agurra', 'Arku Dantza', 'Ezpatadantza', 'Orhiko Xoria', 'Zazpi Jauzi' eta 'Oi Pello Pello' moldatu dituzte, besteak beste. Diskoa Muji dendetan soilik eros daiteke. Gugandik gertu xamar, Bartzelonan, Madrilen, Lyonen eta Parisen ditu dendak multinazionalak, eta munduko hiriburu guztietan dauzkate dendan. Dena horietan sartuz gero, bozgorailuetan etengabe izango ditugu entzungai Oreka TXk grabatutako kantuak.