Itxi

Eguneko efemeridea

Clara Campoamor jaio zela 130 urte

Sufragio unibertsalaren bultzatzaile izan zen espainiar politikari ezaguna oroitu behar dugu, 1888ko otsailaren 12an jaio baitzen.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Efemerideen tartean, emakume bat da gaurko protagonista: Clara Campoamor, espainiar politikaria eta sufragio unibertsalaren bultzatzailea gaurko egunez jaio zen, duela 130 urte.

Utz iezaiozue emakumeari den bezalakoa izaten, errespeta ezazue, utziozue zuzenbidean aritzen.  Eta harro-harro sentitzen naiz, nire Espainia izango baita emakumearen  askatasunaren bandera jasoko duen herrialdea…1931ko irailaren batean esan zituen hitzok Clara Campoamorrek Espainiako Gorte Konstituziogileetan.

1888an jaio zen Madrilen eta Zuzenbide ikasketak egin ondoren abokatu lanetan hasi zen eta gero politikan murgiltzea erabaki zuen. Sozialismoan aurrena, gero errepublikar zentristekin. 1931n, Bigarren Errepublikan, diputatu aukeratu zuten Espainiako Kongresuan; emakumeak aukeratuak izan zitezkeen, baina ezin zuten botorik eman... eta posizio horretatik ekin zion emakumeen boto eskubidea lortzeko borrokari.

Begoña Muruaga Maria de Maeztu Forum feministako partaideak azaldu digunez, Espainian, Concepción Arenalek sustatu zuen feminismoa XIX. mendean. 1918an, Espainiako Emakumeen Elkarte Nazionala sortu zuten. Clara Campoamorrek eta Victoria Kentek egindako lana nabarmendu zen gehien.

Espainian Sufragio Unibertsala ezartzea lortu zuen Campoamorrek, baina 1937an erbestera joan behar izan zuen,  Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz. Buenos Airesen bizi izan zen 10 urtez, eta ondoren, Suitzako Lausanan.

Baina erbestetik ere emakumeen eskubideen aldeko lanean jardun zuen: hitzaldiak eman eta liburuak idatzi zituen, besteak beste. 1972ko apirilaren 30ean hil zen hiri suitzarrean, minbiziak jota.  Urte batzuk geroago bere gorpuzkiak gurera ekarri zituzten: Donostiako Polloeko hilerrian erraustu zituzten, eta Monsó Riu familiaren amabitxia zen, eta haien panteoian lurperatu zuten Clara Campoamor.

Audioak (1)