Eguneko Efemeridea
Duela 14 urte hil zen Marco Pantani
2004ko otsailaren 14an hil zen askoren ustez txirrindularitzaren historiako igotzailerik onena izan zena.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Otsailaren 14a izanik, 14 urte atzera egitera goaz; 2004ko otsailaren 14an hil zen Marco Pantani txirrindulari handia.
Txirrindularitzaren historiako igotzailerik onena aditu eta zale askorentzat, Marco Pantanik zutik jarri zituen milaka jarraitzaile. Joseba Albizu azpeitiarra Pantaniren taldekidea izan zen 2003an Mercatone-Uno taldean eta honela gogoratu digu txirrindulari italiarra: igotzaile petoa, Pantani da Alpe Duez mendate mitikoa azkarren igotzea lortu duen txirrindularia. 1995eko Frantziako Tourrean egin zuen marka, 36 minutu eta 40 segundoan igota.
Alpe Duezera egindako bigarren eta hirugarren igoera azkarrenak ere Pantanirenak dira. Pirata ezinenez ezagutua buruan eraman ohi zuen zapiagatik, Italiako Giroa eta Frantziako Tourra urte berean irabazi dituzten gutxietakoa eta azkena da Pantani. 1998-garren urtean lortu zuen.
Hurrengo urtean, ordea, 1999ko Giroan, ziklismoaren historiako irudietako baten protagonista izan zen, Madonna di Campiglion. Giroa irabaztear zela, deskalifikatu egin zuten odoleko hematokrito maila gainditu eta positibo emateagatik, hondora bidaliz idolo italiarra. Fiskaltzak Pantaniren positiboari buruzko ikerketa abiarazi zuen duela 4 urte eta Italiako Justiziak duela 2 urte ebatzi zuen, Pantaniren positiboa mafiak manipulatu zuela.
Pantaniren heriotzaren albistea astindu handia izan zen gaur 14 urte. Riminiko hotel batean aurkitu zuten hilda, depresioaren aurkako botika eta sustantzia ugariz inguratuta. Autopsiaren arabera bihotzekoak jota hil zen, garuneko eta biriketako edemaren ondorioz.
14 urte gaur Pantani hil zela, baina Piratak bizi-bizirik segitzen du askoren oroimenean….