Eguneko efemeridea
Mendizabal II.a herri kirolaria hil zela 8 urte
Aizkolari eta harri jasotzailea 2010eko martxoaren 28an hil zen, apustu baten ondoren ondoezik sentitu ondoren, 63 urte zituela.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Gaur, efemeridearen tartean, Joxe Mari Mendizabal herri kirolaria, Mendizabal II.a. Aizkolari eta harri jasotzailea duela 8 urte hil zen, apustu baten ondoren ondoezik sentitu ondoren, 63 urte zituela.
Gazte ekin zien Joxe Mari Mendizabal adunarrak herri kirolei. Martin anaiari jarraituz, harria jasotzen hasi zen hura ere. Onenen artean aritu zen hasierako urteetan, eta haren indarraren gainetik, lanerako zuen zorroztasuna nabarmendu du Andres Osa Sakona herri kiroletako adituak. Harri jasotzen zebilela, baina, hanka apurtu zuen erakustaldi batean, eta harri jasotzea albora utzi zuen. Orduan, aizkorari heldu zion, eta nabarmentzen hasi zen 30 urterekin. Bere ibilbidean hiru aldiz izan zen Nafarroako txapeldun, behin Euskal Herrian garaile eta txapeldunorde beste behin.
Apustu guztien artean 1983. urtean Mikel Mindegiaren aurka jokatu zuena du gogoan Sakonak. 42 urterekin plazetatik erretiratu zen behin-behinean, eta kamioilari aritu zen lanean. Orduan ere, plazan bezain fin ibiltzen zela dio Sakonak. Hogei urtez lehian aritu gabe egon ondoren, duela zortzi urte jokatu zuen apustua Joxe Mari Olasagastiren aurka, Tolosako zezen plazan.
Hirugarren enborrean, ondoezik zela lehia utzi behar izan zuen. Tolosatik etxera bidean zihoala zendu zen Mendizabal, bihotzekoak jota. Heriotza sonatua izan zen herri kirolen munduan, eta hainbat omenaldi egin zioten, besteak beste, Leitzan eta Adunan, bere herrian.