Koldo Zuazo
'Ondo dago besteen hitzak jakitea baina norberarenak ere jakin behar dira'
Sarako Idazleen Biltzarrean aurkeztu du hizkuntzalariak "Sarako euskara" bere azkeneko liburua.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Saran, gaur, Idazleen Biltzarrak bigarren eguna du. 35. edizioa da aurtengoa eta, azkeneko edizioetan ohi denez, herriko kiroldegian azken urteko liburu uzta eskuragarri da. Baita idazleekin beraiekin hitz egiteko aukera ere… Ipar Euskal Herriko letren hitzordu garrantzitsuena den honetan. 45 bat argitaletxe, 15 elkarte… 120 idazle… Sarako Kiroldegian elkartu dira aurtengo edizioan. Gaur, besteak beste, Austin Zamora eta Jean-Claude Larronde idazleek Biltzar Saria jasoko dute. Eta Koldo Zuazok Herriko Saria jasotzeaz gain, Sarako euskara bere azkeneko liburua aurkeztu du.
Bost urte eman ditu Sarako euskara aztertzen, urtero hilabete eta erdiko egonaldiak eginez. 'Faktoria'n aitortu digun moduan, pozik dago lanaren emaitzarekin, baina baita penaz ere, amaitu delako. Izan ere, lagunak egin ditu Saran. Bere azterketa osatzeko zazpi mintzakide izan ditu Zuazok: erlezaina bata, bestea erizaina, rugby jolakari bat ere bai... baita Jean Fagoaga Sarako alkate ohi eta sendagilea. Haiekin berbetan, hainbat terminologia ikasi iduela esan digu hizkuntzalariak. Besteak beste, hemorroide esateko, Saran fiku hitza erabiltzen dutela edo herpes zoster gaitzak basandrea izena hartzen duela han. Guztira 4236 hitzez osatutako hiztegia batu du Sarako euskara lanean Koldo Zuazok. Eta lekuan lekuko lexikoa eta erramoldeak ezagutzearen garrantzia azpimarratu du: "Ondo dago besteen hitzak jakitea baina norberarenak ere jakin behar dira". Entzun hemen elkarrizketa osoa!