Eguneko efemeridea
Duela 100 urte jaio zen Mario Salegi euskal herritar unibertsala
1918ko apirilaren 17an jaio zen Donostian Mario Salegi ekintzaile eta idazlea.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Mario Salegi Donostian jaio zen duela 100 urte, Eskolastika Ostozala ama ezkongabeak hazi zuen, bere aita Eduardo Salegi buruzagi jeltzalea eta Banco Urkijoko presidente ordea zen, baina 1954 arte ez zuen onartu aitatasuna.
Oso gaztetatik izan zen ekintzailea: PCEn lehenik, eta ANV Eusko Abertzale ekintzan gero, 36ko altxamenduaren garaian ANVren Eusko Indarra bataloian miliziano izan zen, Iñaki Egaña historialariak gogoratu digunez.
New Yorken bizi izan zen ondoren hil artean, Macartyren garaian izan ezik, Mexikon erbesteratu behar izan baitzuen. New Yorken ez zen euskaldun bat gehiago ordea. Salegik 60ko hamarkadan Comitee of Americas for Basque Independence and survival osatu zuen Francok euskal nortasunari egindako erasoak Estatu Batuar gizarteari azaldu eta Euskal Herriaren izena zabaltzeko. Eta bere etxea ere euskaldunen etxe bihurtu zen: Bernardo Atxaga, Mirentxu Purroy, Ainhoa Arteta edo Iñaki Egaña bera egon ziren Salegitarren etxean.
Irakurle sutsua izan zen. Liburutegi zabala zuen, gaur egun Renoko unibertsitatearen esku dagoena, eta hainbat kazetari lan idatzi zituen, bere garaiari lotuak bereziki, baita liburuak ere, Verano Del 36 eta Morir En Irun tartean edo Iñaki Egañarekin batera idatzi zuen Expediente Vasco. CIA Y FBI En Euskal Herria 2005ean hil zen arte aritu zen idazten.
Xehetasun gehiago jakin nahi duenak Iñaki Egañaren Mario Salegi, La Pasión Del Siglo XX liburuan aurkituko du. 20. mendea bete-betean bizi izan zuen euskal herritar unibertsalaren historia gogoan jaiotzaren mendeurrenean.