Sukaldari Dema
Xabier Madariaga kazetariaren hozkailuan kuxkuxeatu dugu
Pili Manterola eta Igor Zalakainek errezeta bana prestatu dute 'Ur Handitan' ETB1eko saioko aurkezlearen etxean aurkitutako osagarriekin.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Bilboko Deustu auzora joan gara Xabier Madariagak hozkailuan zer duen kuxkuxeatzera. Garagardo latak aurkitu ditugu, lehenik eta behin, eta esan digu, berriki, lagun-taldea gonbidatu zuela eta horregatik garagardoak. Tripakiak eta barazkiz egindako odolkiak ere baditu hozkailuan Madariagak. Eta, horrez gain, Lea eta Jon seme-alabentzat aurretiaz prestaturik pure asko ere bai. Barazki freskoz bete-beteta du, halaber, hozkailua: brokolia, azenarioak, patata, tipula, piperrak, porrua eta lekak aurkitu ditugu. Horiek kontuan hartuta, hona hemen gure sukaldariek prestatu dituzten errezetak.
Pili Manterola: wok erara egindako barazki eta haragia, bexamelarekin
Xabier Madariagaren etxean tripakiak ez dituzte oso gustoko, aitortu digunez. Horrela izanik, tripakiok bizilagunen bati oparitu eta, trukean, txerri solomoa edo oilasko bularkia hartu eta errezeta haragi horrekin egingo dugu. Lekak, azenarioa, piperra eta brokolia txikituko ditugu, juliana erara eta wok batean edo zartaginean, tenperatura altuan salteatuko ditugu. Ondoren haragia tiretan zatitu eta, barazkiak bezala, salteatu egingo dugu.
Esnea ez da faltako Madariagaren hozkailuan, urte eta erdiko bi haurren aita izanik. Eta ezta gurina eta irina ere. Osagai horiekin bexamela egingo dugu eta barazki eta haragi nahasketaren gainean botako dugu. Gratinatu egingo dugu platera. Gainera, odolkia azaletik edo hestetik atera eta bexamel gratinatuaren gainean botako dugu.
Igor Zalakain: odolkia baserriko ogi xigortuan etxean egindako chip patatekin
Tomatea, tipula eta piperra hartuko ditugu lehendabizi. Laukitan moztuko ditugu piperra eta tipula. Tomateari lehenengo azala eta barruko haziak ere kenduko dizkiogu. Azala erraz kentzeko trikimailua ere erakutsi digu Zalakainek: ura irakiten jarri eta tomatea -lehenago gurutze bat egingo diogu azpiko aldean- bertara botako dugu, hamar segunduz. Gero ur hotzetara pasa eta azala erraz kenduko diogu.
Erregosi egingo ditugu piper berdeak eta tipula. Eta bertara botako dugu tomatea, laukitan, baita ere. Su azkarrean erregosi dena, otean. Eta tomatea desegiten hasten denean atera sutatik. Gatza eta piperbeltz hautsa egin barazkiei. Italiar ukitua emateko, albahaka bota diezaiekegu.
Bestalde, patatak zuritu eta saiatuko gara ahalik eta xafla finenean mozten. Uretatik pasa eta ondo lehortu ostean, frijitu egingo ditugu. Horrela, chip moduko patatak lortuz.
Odolkia atera egingo dugu hestetik eta prestatu dugun tomatearen koilarakada batekin batera erregosiko dugu, mamitsuago gera dadin.
Ogi xigortu zati bat eder bat, baserriko ogia bada, hobe, luzeran moztu eta labean edo xigorgailuan xigortuko dugu. Ogiaren gainean tomatea zabal zabal jarriko dugu. Eta ondoren odolki erregosia. Azkenik, chip patatak jarriko ditugu, eskuekin pixkat birrindu ostean.