Itxi

Eguneko efemeridea

Duela 119 urte jaio zen Euskal Herriko boxeatzaile onena, Paulino Uzkudun

1899ko maiatzaren 3an jaio zen munduko boxeo titulua eskura izan zuen errezildarra. Eta badu hain ezaguna ez den alde ilun bat ere.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Jose Ramon Argoitia boxeo adituak ez du dudarik, ez da egon Paulino Uzkudunen mailako boxeolaririk gure artean. Duela 119 urte, 1899an maiatzaren 3an Errezilen jaioa, umetatik erakutsi zuen borrokarako gaitasuna. Aizkolari gisa hasi zen baina bere gaitasunak ikusita bitartekariak tarteko, Parisera joan zen boxeoa ikastera. Bertan, 1923an lehen konbatea egin eta hilabete gutxian Frantziako, Holandako eta Inglaterrako txapeldunak garaitu zituen, eta, ondoren, 3 aldiz Europako txapeldun titulua lortu zuen pisu handietan.

1927an lehen aldiz Estatu Batuetara joan zen eta bere maila ikusteko hurrengo urteetan Jak Delany, Tomy Loghran eta Kingfish Levinskyren aurka munduko titulua izan zuen jokoan. Puntuetara galdu zuen Loghran eta Levinskyren aurka, delaniyren aurkakoa berriz lapurtu egin zioten, TEX RICHARDS orduan boxeon itzal handia zuen gizonaren esku beltza salatu du Jose Ramon Argoitiak.

Ameriketatik bueltan milaka lagunek egin zioten ongi etorria Uzkuduni Donostian, oso maitatua zen orduan Euskal Herrian. Azken konbatea 1935ean jokatu zuen. Baina  Uzkudunek badu ezkutuago geratu ohi den beste alde bat.

Falangista zen, espainiarra sentitzen zen oroz gain, eta hala adierazi izan zuen, baita dirua eman ere. Boxeoa utzi berritan, Francoren altxamenduarekin bat egin zuen soldadu gisa, 36ko irailean falangistekin batera sartu zen Donostian, urte haren amaieran Donostiako fusilamentu pelotoiek arduradun jo zuen Gudari aldizkariak. Baina Uzkudun ordurako espetxean egongo zen EAJkoengatik ez balitz, izan ere, 36ko uztailean Pasaiako CNTkoek, falangista zela jakinda atxilotu egin zuten estatu kolpea gertatu orduko baina Zarauzko EAJkoek, Paulino Uzkudun zena jakinda, ihes egiten lagundu zioten 36ko abuztuan. Amagoia Gurrutxaga kazetariak ikertu du pasartea.

Frankismoak ondorengo urteetan goratua, ahanztura ere ezagutu zuen ordea, eta hezurretako gaitz batek lan ugari eman zizkion bizitzako azken urteetan. 1985ean duela 33 urte hil zen Euskal Herriak eman duen boxeolari onena, bihotzez espainiarra sentitzen zen errezildarra, Paulino Uzkudun.

Audioak (1)