Juantxo Arakama
'Euskaraz egiten den kulturarekiko ez dago kritikarik'
Euskal kulturan dauden morrontzak salatu ditu Glaukomako kantariak: "Estetika bat dago; alternatibo itxura ematen da". "Badirudi euskaraz egiten den orok balio duela. Eta ni ez nago inolaz ere ados".
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Euskal herriko kulturan "edonon" daude morrontzak eta "handiak" dira gainera. Hala adierazi du Juantxo Arakamak gaur 'Faktoria'n egindako elkarrizketan: "Hemen mikroklima batean bizi gara", esan du Glaukomako kantariak: "Estetika bat dago Euskal Herrian, alternatibo itxura ematen da; eta hori da mezu dominantea. Iritzi dio gure zilborrari begira egon garela denbora luzean hemen, "beste estilo kultural bat batzuei begiratu ere egin gabe". "Ez da oso popularra hau esatea", gaineratu du, "baina hemen oso kondenszienteak izan gara euskaraz egiten den kulturarekin. Ondo iruditzen zait euskaraz egiten den kultura sustatu eta babesteaz. Baina ez dago kritikarik. Badirudi denak balio duela. Badirudi euskaraz egiten den orok balio duela euskaraz egiten duelako. Eta ni ez nago inolaz ere ados horrekin".
Morrontza horietatik ihes egiteko ahaleginean, autogestioaren aldeko jarraitzen dutela esan du, eta hain zuzen ere, horregatik utzi dutela Tolosako Bonberenea. "Printzipio horiei eusteagatik izan ditugu ezadostasun batzuk eta atera egin gara. Eta kitto", esan du.
Euskal kulturaz, musikaz, eta batez ere bere mundu ikuskeraz aritu da rap kantari tolosarra Maite Artolarekin izandako elkarrizketan. "Mezua ez da nire kantuen helburu nagusia. Mezua elementuetariko bat baino ez da", azaldu du. Gogoz erantzun ditu, ordea, mezu horietatik abiatutako galderak: Erreferentziazko indartsuenak, bi emakume ama eta amona, ziren etxean jaiotakoa, sehaskatik jaso du ikuspegi feminista. Gizonak gizartean bete behar duten lekuaren bila "galduta ikustea positiboa" dela esan du, eta jabetu beharra dagoela, "egunero", "batzuen pribilegioak beste batzuen injustizia direla". "Gizonezkoekoak orain arte izan dugun tokia desikasi eta toki berriak eraikitzen" ari dela azaldu du eta, "umil-umil" bide horretan "hasi baino ez" dela egin bera. Hainbat RAP taldeeen hipokresiaren kontra feminismotik egin dituzten salaketak babestu egin ditu eta gogoratu du Lagrimas de Sangrekin egin zuten bezala, jarrera erradikala izan beharra dagoela sexu erasoen aurka: "Musika festibaletan bizi den kontsumo giroak ez dauka kulparik", azpimarratu du.
Gizarte likidoaz, "galderak planteatzen ez" eta "komunikabideak poltsikoan daramatzan gizarteaz aritu da eta erakundeetako politikaz ere bai: "Beti eragin izan didate haserrea klase politikoek. Orain nazka ematen didate", esan du. "Sentsazionalismoa, nork hitz egiten duen altuago, nork dituen komunikabide gehiago kontrolpean, eta nork bertxio gehiago lortuko. Hori da gaurko politika. Ez dago eztabaidarik", esan du. Askoz gauza gehiago esateko gogoz iritsi zaizko goizeko hamarrak. "Askatasuna Valtonyc eta gainontzekoentzako", esanez amaitu du, ordu-tutuen gainean.