Itxi

Eguneko efemeridea

Gaurko egunez izan zen Bruselako Heysel estadioko tragedia

Futbolaren mundua astindu zuen gertakari hura duela 33 urte izan zen, Turingo Juventus-Liverpool Europako Kopako finalean. 39 lagun hil ziren partidaren aurretik izandako istiluetan. Gehienak, itota.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

1985eko maiatzaren 29a. Brusela, Heysel zelaia. Turingo Juventus eta Liverpool, aurrez aurre, Europako Kopako finalean. Juventusek irabazi zuen, bat eta huts, penaltiz, Michel Platinik sartutako gol bati esker. Baina egun hartan, emaitza izan zen gutxienekoa. 39 lagun hil ziren, partidaren aurretik zelaian izan ziren istiluetan. Gehienak, itota. Juventuseko zaleak ziren ia guztiak.

Europa hunkitu egin zen, baina ezustean, ez zuen inor harrapatu. Liskarrak ohikoak ziren futbol partidatan. Batez ere, zale ingelesak tartean zeudenean. Ingalaterra krisiak jota zegoen, eta hoolygan bortitzenek futbola baliatzen zuten, barrenak husteko. Hori azaldu digu Naxari Altuna kirol kazetari eta ETBko lankideak.

Armaila neutro deituriko batean gertatu zen. Teorian, edozein futbolzalerentzako harmaila zen, baina praktikan, Juventuseko tifosiek erosi zituzten bertarako sarrerak. Hesi txiki bat besterik ez, haien eta Liverpoolgo zaleen artean. Segurtasun akats larria.

Gertakari tamalgarri haren ondoren, segurtasun neurriak zeharo zorroztu zituzten, Europako futbolean. Baina batez ere, Ingalaterran izan zen astindua. Bertako taldeak bost urtez zigortu zituzten Europan jokatu gabe, eta sei urtez, Liverpool.

Gainera, handik gutxira, 1989an, gertakari are larriagoa gertatu zen, Sheffielgo Hillsborough zelaian. Liverpoolgo 96 zale hil baitziren, Nottinghamen kontrako, Ingalaterrako Kopako partidan.

Naxari Altunak kontatu digunez, horren ondoren, erabat aldatu zuten partidak edo txapelketak antolatzeko modua, eta, denbora gutxian, horretan eredu izatera igaro zen Ingalaterra. Halabeharrez, ondo ikasi zuten lezioa.

 

Audioak (1)