Itxi

Edurne Ormazabal

'Artista gehiago ikusi nahi ditut Tabakaleran'

Nazioarteko Zentro Garaikidean dauden erakunde eta disziplina arteko bidegurutzeetan dago, zuzendari nagusiaren arabera, Tabakalerako indargune nagusia.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Idatzi gabeko arauak agintzen dituen 100 egunak bete ditu Tabakalerako zuzendari nagusi karguan. Izendatu zutenean, tarte hori eman zion bere buruari Arte Garaikideko Nazioarteko zentroari neurria hartu, diagnosia egin eta aurrera begira, zentroak zein lan-lerro nagusi izango dituen finkatzeko. Edurne Ormazabalek argi dauka Nazioarteko Zentro Garaikidean artista gehiago nahi dituela eta diziplina arteko bidegurutzeetan dauden aukerak azpimarratu beharra dagoela. Zuzendariak 'Faktoria'n esan digunaren arabera, artista eta erakundeen arteko osagarritasun hori da Tabakalerako indargune nagusia, eta osagarritasun horiek sustatzen egingo da bere zuzendaritzapean ahalegin handiena. "Artistak ikusi nahi ditut Tabakaleran: arte garaikidea egiten dutenak, musikariak... disziplina arteko langak apurtu eta intersekzio horretan dauden aukerak indartu behar dira", esan du.

Tabakalerak dituen 26.000 metro koadroetako egoitza guztiek badaukate jada jabetza eta aurki jarriko dira abian zentroari izaera indartuko diren hainbat proiektu, horien artean nagusia, Basque Culinary Centerrekin elkarlanean, prisman zabalduko den proposamen gastronomikoa. "Jatetxe bat baino gehiago izango da eta ekarpen handia egingo dio Tabakalerari", azpimarratu du Ormazabalek. Zuzendariak aurreratu duenez, datozen asteotan aurkeztuko da proiektua eta datorren urtean zabalik izango da.

"Tabakalera herri proiektu bat" dela eta, beraz, Donostiatik eta Gipuzkoatik haragoko herritarrak erakartzeko lana agindu du Tabakalerako zuzendaritzatik. Enpresekin eta nazioarteko zentroekin sareak egin eta handitzea, eta kanpo eta barne komunikazioa ere jarri ditu erronka gisa Edurne Ormazabalek. Azaldu du "behingoz" ulertu egin behar dutela herritarrek zer den Tabakalera eta horretarako "abstraktutik zehatzera jeitsi behar" dela.

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)