Itxi

Eguneko efemeridea

Duela 35 urte hil zen 'Uztapide'

1983ko ekainaren 8an hil zen Euskal Herriak eman duen bertsolari handienetako bat.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Manuel Olaizola Urbieta 1909ean jaio zen Endoia auzoko 'Uztapide' baserrian, Debako mugen barmena baina Zestoatik gertuago. Euskal giro peto-petoa.

1935ean etxetik hurre Lasturren egin zuen lehen bertso saioa eta hurrengo urtean 1936an bigarren geratu zen 'Uztapide' gaztea bertsolari txapelketako finalean.

Francoren altxamendua eta garai ilunak etorri ziren gero, 'Basarrire'kin bikotea osatuta bertsoaren sua bizirik mantendu zuten herriz herri, esan liteke bi bertsokera ezberdin uztartzen zituztela. Uztapidek berezkoa zuen bertsokera bizi eta naturala, Txomin Garmendia bertsolariak ahotik ahorakoa deitzen diona.

62, 65 eta 67an txapelketak itzuli ondoren hiru txapela segidan jantzi zituen, denak ez ziren beti ados izango, Xalbadorri emandako txistukadarena izan zen esaterako, 'Uztapide'k azken txapela jantzi zuen finala, argi dagoena epaileek bertsotarako modu natural eta bizi hura goraipatu zutela.

Garmendiak dio hizketan bezala egiten zuela 'Uztapide'k bertsotan. Zirtolari eta umoretsu, 1972ra arte jardun zuen plazaz plaza. Donostian bertso saio batean zela ondoezak jo eta mutu geratu zen arte, hain zuzen. Baina bere kastaren seinale, buelta eman zion egoerari.

Umoreari eutsi eta ahotsa berreskuratu arren, ez zen plazara itzuli Manuel Olaizola, eta azken urteetan idazteari ekin zion, bere oroitzapenak jaso zituen Sasoia joan eta Gero eta Lehengo egunak gogoan liburuetan, ahozko hizkera hori erabiltzen zuen idatzian ere. Duela 35 urte, 1983ko ekainaren 8an hil zen euskal sustrai sakonenetik loratzen zen bertsolaria, 'Uztapide'.

Audioak (1)