Itxi

Arnaldo Otegi

'Eredu konfederalaren inguruan jar gaitezke ados EAJ, EH Bildu eta Podemos'

Arnaldo Otegi Eh Bilduren bozeramaileak adierazi duenez,'dispertsioa amaitzeko Legebiltzarrak egingo duen eskaera Madrilera ere eraman beharko litzateke'.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeak ETAko presoen hurbilketa eskatuko du gaur, EAJ, PSE eta Podemos eta EHBilduren botuekin. Arnaldo Otegi koalizio abertzaleko koordinatzaile nagusiak 'Faktoria'n berretsi du euren proposamenari beste alderdiek egindako zuzenketa onartu egingo dutela eta bide emango dietela presoei egindako mina onar dezaten, 'guk aspaldi egin dugun modu berean'. 'Horrek esan nahi luke', zehaztu du Otegik, "Gasteizen gehiengo osoz eta nabarmenez eskatuko dela dispertsio politikarekin amaitzea eta Madrilera ere eraman beharko litzatekeela eskari hori'. 'Hor neurtuko da', erantsi du, 'gauzak paper batean jartzeko egiten diren ala modu serioan, koherentziaz'. Esperantza handirik ez du agertu, Pedro Sanchezen gobernuak espetxe politika aldatuko duenik.

Autogobernu ponentziari buruz, berriz, 'aukerak' ikusten ditu akordioa lortzeko EAJrekin eta Elkarrekin Podemosekin, estatuarekin "harreman konfederala" finkatzeko. "Transizioko aroa litzateke" independentzia lortu bitartean".  Lander Martinez Podemos Ahal Duguko idazkari nagusiari erantzunez, bestalde, lurraldetasunaren auzian ez direla maximalistak adierazi du Otegik: "Bestela,  estatu independiente baten aldeko apustua egingo genuke', azpimarratu du.

Gure Esku Dagok erabakitzeko eskubidea aldarrikatuz egindako giza katearen inguruan Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak atzo esandakoak "mespetxuzkoak" jo ditu Otegik eta 'beraien jendearentzat iraingarria'. Azaldu du 175.000 lagun erabakitzearen alde kalera ateratzeak, pentsiodunen manifestazioak edota, adibidez, martxoaren 8koak 'herri hau bizirik dela erakusten dutela'. 'Borroka guzti horiek borroka askatzaile baten pean jartzea dugu erronka', erantsi du.  Jakinarazi du, gainera, euren inkestek ez dizkietela aukera txarrak ematen hauteskundeetara begira eta oraindik 'zelaia atera eta partida jokatu egin behar dela'.

Urdangarinen kartzela zigorraz ere mintzatu da EHBilduko koordinatzailea eta azaldu du 'lehen pertsonan' esan dezakeela 'justizia hemen ez dela denentzat berdina'. Eta lehen pertsonatik esan du, baita ere, ez diola kartzela inori desio: 'Gure bizitza ez da hobea izango Urdangarin kartzelara joateagatik'.

 

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)