Eguneko efemeridea
40 urte bete ditu 'Grease' filmak
Zehazki, 1978ko ekainaren 16an estreinatu zuten garaiko ia mundu osoko gaztedia dantzan jarri zuen filma.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Gaur efemeridearen tartean, 40 urte betetzen dituen pelikula ahaztezin bat: historiako musikalik ezagunenetakoa, Grease.
Danny Zuco eta Sandy Ollssonen arteko maitasun harremanak udako maitasuna izan behar zuen baina Sandy ezustean Dannyren institutuan agertu zen. Danny hura ordea, ez zen udakoa. Istorio erromantiko ohikoa dirudien hasiera hau izanda, zerk egiten du Grease hain musikal handi? Ez da erantzun bakarra izango baina Iratxe Fresneda EHUko Ikus-entzunezko komunikazioko irakasle eta zinema adituak hitz bat nabarmendu du: bizipoza.
Ez da gainera azalean geratzen den film bat, garaian polemikoak ziren gaiak lantzen ditu, eta Fresnedaren arabera bi aktore nagusiek pare-parean asmatzen dute. Bestalde, Filmean emakume-gizon bereizketa nabarmena izan arren, Sandy pertsonaiak eta bereziki bere lagunaren papera egiten duen Rizzok emakumearen ahalduntzea aldarrikatzen dutela uste du Fresnedak. 40 urte geroago gaurkotasuna ikusten dio.
Eta noski, musikala izanda, kantuak ezin aipatu gabe utzi, 78an bertan, segituan kantu ezagunenen zerrendan sartu ziren. Has dezagun ostirala dantzan Grease gogoratuz, 40 urte geroago dantzan hasteko gogoa ematen duen filma.