ASTEARTEAN
Joerak, sanferminak eta txirrindularitza 'Faktoria' saioan
EITB.EUS
Galder del Campo eta Pilar Kaltzada aktualitateari buruz arituko dira. Ondoren, Koldo Casla brexitaren inguruan mintzatuko da.
Egunero bezala, albistegiak emango dio hasiera 'Faktoria' saioari. 08:30 aldera, Galder del Campo eta Pilar Kaltzada aktualitateari buruz arituko dira solasean, eta, ondoren, Koldo Casla brexitaren inguruan mintzatuko da.
09:00etan, Maddalen Marzol eta Ines Garcia izango dira joeren inguruan hizketan; tartean, kamisetak eta protestak izango dira protagonista. Horrez gain, Itziar Gomezek sanferminetan martxan jarri duten EraSTOP aplikazioa azalduko digu. Gero, egunero bezala, Maddi Castrok 'Blai' saioaren aurrerapena ekarriko du.
10:00etan, sanferminen berri emango dute, Iñaki Elortzaren eskutik. Gorka Hermosa, ostera, musikatu daitezkeen istorioez arituko da. Gainera, Gaztelugatxera itsasontziz nola joan gaitezkeen entzuteko eta ikasteko aukera izango dugu.
11:00etan, Edurne Pasaban izango dugu saioan. Edurne Galizian izan da duela gutxi, eta Gaes Pilgrim Race lasterketan bizitako zirraraz eta abenturaz arituko da; izan ere, bertan parte hartu du mendizale tolosarrak. Kirolarekin jarraituz, neska eta mutil txirrindularien aurrekontu eta azpiegiturako desberdintasunei buruz ere arituko dira, eta, horretarako, Gary Baños Movistar taldeko masajistaren eta Agurtzane Elorriaga txirrindulariaren hitzak izango ditugu entzungai.
Azkenik, betiko moduan, lehiaketa eta bermutaren tartea izango da.
07:00etatik 12:00etara izango da martxan 'Faktoria' saioa. Ez galdu!