Kargatzen...
Itxi

Abuztuak 22

Rio de Oro eta dibertsitate funtzionala duten sahararrak, asteazkeneko 'Faktoria'n

Euskadi Irratia

Horrez gain, Eneko Andueza PSE-EEren Gipuzkoako idazkari nagusiari elkarrizketa egingo diote 08:30ean.

Goizean, albistegiaren ostean, gaurkotasun politikoari helduko diogu, Eneko Andueza PSE-EEren Gipuzkoako idazkari nagusia elkarrizketatuz. 09:00etan, 'Gizarte ideala' atala izango dugu; oraingo honetan, Xenki Berho eta Jon Cadierno izango ditugu aurrez aurre hizketan. Ondoren, Rio de Oro elkartea izango dugu gonbidatu. Gobernuz kanpoko erakunde honek dibertsitate funtzionala duten sahararrekin egiten du lan. Saioan, hobeto ezagutu ahal izango ditugu euren egitasmo eta proiektuak. Gero, egunero bezala, Ane Iruretagoienak 'Blai!' saioaren aurrerapena egingo digu 10:00ak jo aurretik.

10:00etan, surfaz mintzatuko dira Iñigo Gaiton eta Sergio Arretxe 'Peta'. Kirolarekin jarraituz, Iñako Blas hondartzetako ur ekintzen inguruan arituko da; bereziki ur-bizikleta eta surf taula motordunak izango ditu hizpide. Hondarribira ere egingo dugu igeri, Water Joy Activities ekintzen berri izateko, besteak beste, Flyboarda, ur-motoa eta ur-eskia egiten baitute bertan. Tarte honi bukaera emateko, Jose Antonio Aspiazu apustu historikoez arituko da.

11:00etan, Euken Ostolaza gonbidatu ezaguna izango dugu musikaz hizketan, eta, ondoren, Amaia Artetxe Bilboko Aste Nagusiren 40. urteurrenaz mintzatuko da. 11:30etik aurrera, lehiaketak eta bermutak emango diote amaiera saioari.

Entzun 'Faktoria', 07:00etatik 12:00etara, Euskadi Irratian!

Informazio gehiago (2)