ABUZTUAK 30- IRAILAK 1
'Musika elektronikoaren egoera oso ona da Euskal Herrian'
Abuztuaren 30etik irailaren 1era musika elektronikoa protagonista izango duen Dantz Festival jaialdia ospatuko da Donostian. Bertako zuzendaria den Jokin Telleria elkarrizketatu du 'Faktoria'k.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Bigarren Dantz Festival jaialdia ospatuko da Donostian asteburu honetan. Etxekoak eta nazioartekoak diren DJez gozatzeko aukera egongo da. Jokin Telleriak, festibalaren zuzendariak, aitortu du "urduri" dagoela, baina hori normala dela.
Hiru egunez musika elektronikoa izango da protagonista. Hasiera Zurriolako hondartzan dagoen txiringitoan emango zaio jaialdiari abuztuaren 30ean. Lehenengo emanaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da eta gauerdira arte iraungo du musikak. Hurrengo bi egunetan Tabakaleran arituko dira 00:00ak arte. Ordu horretatik aurrera Gazteszena izango da musikaren topalekua, Tabakaleratik 700 metrotara.
Musika elektronikoa gauarekin lotzen bada ere "guretzat haratago doa", egunean zehar ere antolatu baitituzte ekitaldiak. "Aurreko urtean gurasoak haurrekin aritu ziren dantzan" eta horrek "giro sanoa" sortzen duela nabarmendu du.
"Bigarren edizioan aldaketak" egin dituztela adierazi du zuzendariak. Musika jartzaileen aldetik "oreka" dagoela aurreratu du. "Pasaden urtean baino emakume gehiago arituko dira, %50 gutxi gorabehera".
"Musika elektronikoaren egoera oso ona da Euskal Herrian", baina hala ere, hain ezagunak ez diren musika jartzaileak ezagunago egiteko balio dezakela jaialdi honek uste du Jokin Telleriak.