ASTIGARRAGAN
Ezagutu sagardoaren kultura 'Sagar Bike' eta 'Sagar Trekking'ekin
Leire Alkortak, Sagardoaren Lurraldearen komunikazio arduradunak, sagardoarekin lotuta dauden bi esperientzia ezberdin ekarri ditu 'Faktoria'ra: 'Sagar Bike' eta 'Sagar Trekking'.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Astigarraga sagardoagatik eta sagardotegiengatik da ezagun munduan. Astigarragako sagardoetxeak ez du galdu nahi izan kontzeptu hori, eta hortik aldendu gabe bi plan berri eta berezi sortu dituzte: 'Sagar Bike' eta 'Sagar Trekking'. Horren inguruan aritu da hizketan 'Faktoria' Leire Alkortartekin, bera baita Sagardoaren Lurraldearen komunikazio arduraduna.
'Sagar Bike' udarako sortu duten esperientzia berri bat da. Donostian bizikleta hartu, eta Urumea ibaiaren ondoan dagoen bidegorria jarraituz Astigarragaraino joaten da. Bisitariak sagardoaren munduan sartu eta horren kultura ezagutzea du helburu.
Helburu bera du 'Sagar Trekking' esperientziak. Bi ordu eta erdiko oinezko ibilbidea proposatzen du plan honek. Bidean zehar informazio puntu ezberdinak daude, guztiak sagardoaren historiarekin lotuak.
Bi plan hauen ostean sagardoa probatzeko aukera dagoela baieztatu du Leire Alkortak.
'Sagar Bike' asko jota bi lagunentzat da, eta pertsonako 20 euro balio ditu. 'Sagar Trekking' taldezka egin daiteke eta aukera dago, nahi izanez gero, museoko gidarekin egiteko. Bakarrik egin ezkero doakoa da, gidarekin aldiz 25 euro orduko.
XVIII. Sagar Uzta Jaia
Aurten 18. Sagar Uzta Jaia ospatuko dute Astigarragan, irailaren 27tik 30era. Ekintza ezberdinak antolatu dituzte, baina nagusiena, irailaren 30ean egingo dela aurreratu du Alkortak: "uztako lehen muztioaren elaborazioa egingo da".