Asteartean
Haurdunaldi subrogatuaz, 'Faktoria'n
G.U. | EITB.EUS
Itziar Alkorta EHUko Zuzenbide irakaslearekin aztertuko dugu gaia, Sydneyko unibertsitateak antolatu duen mintegitik bueltan. Bestalde, Maitena Salinas kazetariarekin giza eskubideez ariko gara.
Ukraina eta India "Europaren haztegi" bihurtu dira. Hala ikusi du bere begiekin Itziar Alkorta EHUko Zuzenbide Zibileko irakasleak Australian, Sydneyko unibertsitateak antolatu duen mintegi batean. Australiako Victoria Estatuan legedia aldatu ala ez eztabaidatzen hasi dira. Haurdunaldi subrogatua legeztatzeko bidea hasi nahi dute, eta gai horretan aditu diren hainbat irakasle elkartu dituzte; tartean, Itziar. Nazioarteko espezialisten bilera horretatik, ondorio argi bat atera du Itziarrek: nazioartean pentsaera aldatzen ari dela, eta jada amatasun subrogatuaren debekuaren eztabaida gainditu dela; orain, aditu askoren apustua da "lan jarduera" gisa arautzea. Astearte honetako 'Faktoria' albistegian aztertuko dugu gaia. Bestalde, magazinean, Maitena Salinas kazetariarekin egingo dugu solas. Giza eskubideei lotutako gaiak lantzen ditu, batez ere, Salinasek. Besteak beste, Pablo Ibarren epaiketa gertutik ari da jarraitzen.
07:00etan ekingo dio albistegiari Maite Artolak, eta 07:55 aurretik, Garbiñe Ubedaren 'Sinadura' entzungo dugu. Niko Cuenca ekonomistaren tartearen ondoren, astearteko solasaldian izango ditugu Javier Arrieta, Ainhoa Etxaide eta Iñigo Aduriz aktualitatearen analisia egiten. 09:30ean helduko diogu subrogazioaren gaiari.
10:00etako albisteen ostean ekingo dio Manu Etxezortuk magazinari. Hasteko, Maitena Salinas kazetariarekin egingo dugu solas. Giza eskubideei lotutako gaiak lantzen ditu, batez ere, Salinasek. Besteak beste, Pablo Ibarren epaiketa gertutik ari da jarraitzen. 10:30ean, Xexili Foix Baionako irrati esatariak datorren astean abiatuko duen abentura solidario berriaz arituko zaigu: emakumezkoentzako 'Desertuko larrosak' rallyan hartuko du parte Afrikan.
11:00etako albistegiaren ostean, Euskaltzaindiaren 50. urteurrenaz ariko dira Nerea Ibarzabal, Xabier Amuriza eta Karlos Cid, eta gazteek euskalkien eta batuaren arteko lotura nola bizi duten ere galdetuko dugu.
12:00etan, istorio musikatuak ekarriko dizkigu Amancay Gaztañagak, eta, 12:15ean, Abadiño eta Ganbia artean osatu duten elkartasun sarearen berri emango digu Itziar Larrinagak. Hain zuzen ere, nekazaritzarako lanabesak eta bestelako materiala bidaliko dute Ganbiara Abadiñoko herritarren ekimen horri esker.
07:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.