Elixabete Garmendia
Psikiatra izateko zorian izan zen lehendakariaz
Elixabete Garmendia kazetaria gonbidatu izan dugu Faktorian Carlos Garaikoetxeari buruz idatzi duen 'Lider bat Lehendakari' liburuaz.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Elixabete Garmendiak 'Faktoria'n aitortu digunez introspekzio gaitasun handiko pertsona da Carlos Garaikoetxea, eta, 80 urte bete berritan, patxadaz hitz egin du bere ibilbide guztiaz. Haurtzaroko gaietatik abiatu, eta ibilbide politiko guztia errepasatu dute. Ibilbide hori errepasatzean aitortu dio Garaikoetxeak serio aztertu zuela psikiatra izateko aukera.
Bere agintaldian hartutako erabakiei dagokienez, Garmendiari aitortu dio euskara batua lehenestea izan zela lehendakari bezala hartu behar izan zuen hiru erabaki zailenetako bat, euskara batuak garai hartan Eusko Alderdi Jeltzalean zuen kontsiderazioagatik. Gasteiz Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburu izendatzea eta ereserkia aukeratzea izan ziren beste bi erabaki zailenak.
EAJren zatiketa izan zen Garaikoetxeak bere ibilbidean bizi izan zuen une kritiko nagusienetakoa. Lehendakariak ez du ukatzen buruzagien arteko lehia pertsonalek pisurik izango ez zutenik, baina argi dio benetako arazo politikoak egon zirela zatiketaren oinarrian.
Ramon Etxezarreta, Iñaki Galdos eta Gaizka Aranguren solaskideek osatu dute Elixabete Garmendiarekin izan dugun elkarrizketa, Carlos Garaikoetxearen ibilbideari buruzko gogoeta eta anekdotekin.