Eduardo Santos, Podemos
'Kataluniarrek ez lituzkete nahastu behar euren eskariak eta aurrekontuak'
Podemosen Nafarroako diputatuaren esanetan gutxieneko soldata 900 eurora igotzeak eta etxebizitza alorreko onurak dira aurrekontu proiektuaren ekarpenik nabarmenenak.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Eduardo Santos Podemosen Nafarroako diputatuak 'Faktoria'n esan digunez, Kataluniako alderdi nazionalistek zilegi izan daitezkeen euren erreibindikazioak aurretik jartzen badituzte, zaila izan daiteke Espainiako 2019rako aurrekontuak onartzea. Bere esanetan, ez lituzkete gauzak nahastu behar eta aurrekontuei babesa eman behar liekete, onura nabarmenak dakartzatelako pertsonentzat. Babes hori lortzeko lanean ari direla adierazi du, 'preso politikorik egon ez dadin'.
EAJk egindako kritikari erantzunez, Santosek argitu du Podemosek ez dituela negoziazioan sartu gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea eta La Navalen eskuartze publikoa, aurrekontu orokorrek ezin dituztelako tokian tokiko eskari denak bete. Bere esanetan, egongo da aukera aurrekontu hauek territorializatzeko.
Maria Chivite PSNko idazkari nagusiak itun aurrerakoiak Nafarroara ekartzeko egindako deiari buruz, Santosen iritziz jada aldaketaren gobernuaren bidez ekarrita daudela itun horiek foru erkidegora, baina PSN da hortik kanpo dagoena, azken 30 urteetan eskuinaren eskutik ari delako.