Asteazkenean
Aralarko pistez, 'Faktoria'n
Eguzkiko Garikoitz Plazaolaren eta Aralarko Baserritarrak elkarteko presidente Josu Oiartzabalen iritzia bilduko dugu. Magazinean, Rafael Kortabarriak itsu izatea ez dela muga erakutsiko du.
Aralarren lanean ari dira hondeamakinak. Pistak ari dira egiten. Batzuentzat ingurua mantentzen duen artzaintzari eusteko ezinbestekoak dira pistak. Beste batzuentzat, kalte handia eta atzeraezina egiten ari dira lan horiek. Proiektatu eta martxan jarri zirenetik mina eta haserrea eragiten ari dira, zalantzarik gabe. Gaur egun zein lan egiten ari diren, lan horien kontra zein auzibide zabaldu diren eta batzuen eta besteen argudioak zein diren argitzen saiatuko da asteazkenean 'Faktoria' saioa.
09:30etik aurrera izango da hori. Aurrez, aktualitateko beste gaiei buruz arituko dira, Xabier Riezu, Laura Mintegi eta Iker Rioja solaskideen analisiak lagunduta.
10:00etako albisteen ostean ekingo dio Manu Etxezortuk magazinari. Saio hasieratik, eta 13:00etara bitartean, Rafael Kortabarriaren istorio pertsonala ezagutzen joango gara. Oñatira joango gara hari bisita egitera. Rafael itsua da, baina hori ez da inolako eragozpena nahi duena egiteko. Itsu bai, baina ez dago geldirik egoteko, eta argi utziko digu bere hitzekin.
10:15ean, Iker Markinez sukaldariaren tartean, jaki xume (eta askotan gorrotatu) bat maitatzen eta gozatzen ikasiko dugu: aza. Segidan, Lekeitioko Bizipoz denboraren bankuaren berri emango digu Eider Etxebarriak. Ondoren, 'Ekosfera' tartea zabalduko dugu Jokin Aldazabal lankidearekin.
11:00etako albistegiaren ondoren, 'Arts & Science' tartea zabalduko dugu Eneko Axpe 'Maisha'rekin, eta Rafael Kortabarriaren lekukotzaren bigarren zatia entzungo dugu. 12:00etan, Esther Moyuaren liburu gomendioa entzungo dugu, eta istorio musikatuak ekarriko dizkigute Amancay Gaztañagak eta Iagoba Astiazaranek gero.
07:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.