Asteartea
'Faktoria'n, AEBetako hauteskundeei begira
Asier Vallejo, Iñaki Goirizelaia eta Joseba Gabilondo gonbidatu ditugu 'Midterm'ei buruz hitz egiteko. Gainera, amiantoak osasunean eragindako kalteaz hitz egitera etorriko da Otsanda Tolosa.
Superasteartea da bihar Ameriketako Estatu Batuetan, azaroko lehen astelehenaren ondorengo lehen asteartea, eta bi urtean behin gertatzen den moduan, botoa ematera deituta daude bertako herritarrak. Midterm Senatuaren zati bat eta Ordezkarien Ganbera osoa aukeratzeko hauteskundeetan, Donald Trump presidentearen agintaldiak herritarren konfiantza duen edo ez ere neurtuko da bihar.
AEBko gizartea eta egoera politikoa une erabakigarri honetara nola iritsi den aztertuko dugu 'Faktoria'n, herrialde hura ondo ezagutzen duten hiru lagun gonbidatuta: Asier Vallejo Enpresa Zientzietan lizentziaduna da eta Alderdi Demokratarekin lan egin du, Iñaki Goirizelaia EHUko errektore ohia (AEBtik itzuli berri da) eta Michigango unibertsitatean irakasle dabilen Joseba Gabilondo.
Ameriketako Estatu Batuei buruzko tarte berezi hori 09:30etik aurrera eskainiko dugu. Aurrez, eguneko beste albisteen errepasoa egingo dute, solasaldian, Javier Arrietarekin, Ainhoa Etxaiderekin eta Iñigo Adurizekin.
Eguneko sinadura, Amatiñok ekarriko du, 08:00etako albistegi nagusiaren aurretik.
10:00etako albisteen ostean ekingo dio Manu Etxezortuk magazinari. Hasteko, Josebe Blanco eta Uxune Martinez kolaboratzaileek galdera honi buruzko xehetasunak emango dizkigute: ba al dakigu nondik datorren jaten duguna? Horrekin batera Urduñara joko dugu, izan ere, hango eskolako eta zahar-etxeko jangeletako menu osoa bertako produktuekin egiteko erabakia hartu dute. 11:00etako kirol albisteen ostean, amiantoak osasunean eragindako kalteaz hitz egitera etorriko da Otsanda Tolosa. Otsandaren aitari biriketako minbizia detektatu zioten duela 10-12 urte, eta heriotza hori amiantoa arnasteagatik izan zitekeela-eta, auzitara jo zuten eta berriki onartu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak horixe izan zela Otsandaren aitaren heriotzaren zergatia. Amiantoari buruzko epai hori aurrekari bihur daiteke.
12:00etan, gosaritarako arrautza proposatuko digute Pili Manterolak eta Igor Zalakainek 'Sukaldari Dema'ko errezetak osatzeko. 12:30ean, Artepan enpresaren 35. urteurrenari lotuta, Txema Pascual nagusiarekin hitz egingo dugu, eta urteurrenaren harira atera duten liburuan proposatutako tostak nolakoak diren azalduko digute Unai Fernandez De Retana eta Patxi Ezeiza sukaldariek.
07:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.