Itxi

Ostegunean

Joseba Asiron, 'Faktoria'n

Bestalde, Euskaraldiak Baionan arratsaldean egingo duen abiatzeaz hitz egingo digu Jenofa Berhokohirigoinek, Euskaraldiaren Ipar Euskal Herriko arduradunak.

Joseba Asiron

Ostegun honetan, Joseba Asiron Iruñeko alkatea izango dugu gonbidatu 'Faktoria'n. Besteak beste, legegintzaldiaz, aldaketaren gobernuaz eta gaurkotasun politikoari lotutako bestelako gaiez ariko gara.

09:30etik aurrera izango da hori; aurretik, aktualitateari buruzko solasaldia izango dugu, ohi bezala. Eguneko zutabea Aingeru Epaltzak sinatuko du.

10:00etako albisteen ostean ekingo dio Manu Etxezortuk magazinari. Hasteko, aktualitateari begira jarriko zaizkigu Mikel Garcia eta Jurdan Arretxe kolaboratzaileak. 10:45ean, Euskaraldiak Baionan arratsaldean egingo duen abiatzeaz hitz egingo digu Jenofa Berhokohirigoinek, Euskaraldiaren Ipar Euskal Herriko arduradunak. 'Euskaraldia Kabareta' ipini diote izena Baionan arratsaldean Euskaraldiari hasiera emango dion ekitaldiari. Besteak beste, Maddi Oihenart eta Ruper Ordorika kantariak, Odei Barroso eta Alaia Martin bertsolariak, eta Maryse Urrutyren antzerkia izango dira kabaret horretan.

11:30ean, ostegunero bezalaxe, itsasoarentzako tartea Xabier Alberdi aditu eta kolaboratzailearekin. Hauxe da oraingoan hizpiderako ekarriko digun gaia: Getariako zilar-trafikatzaileak.

12:00etan, atun tartarra nola prestatu behar den azalduko digu Jurgi Arejita sukaldariak, eta, jarraian, Dan Lertxundik tximeletez hitz egingo digu. Saioa bukatzeko, Urdaibai Bird Centerrera joko dugu Edorta Unamunorekin, eta lehiaketa izango dugu.

07:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.

Informazio gehiago (3)