Itxi

Euskara irakasle Madrilen

Josu Solera: 'Niretzat euskara oso erakargarria da'

Gaztela-Mantxan jaioa eta Madrilen hezia, duela hamar urte hasi zen euskara ikasten eta orain berak ikasitakoa erakusten dihardu.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Josu Solera duela hamar urte hasi zen euskara ikasten eta, era berean, irakasten, maila apalean, Madrilen. Bere ikasleei Oskorriren “Euskal Herrian euskaraz” kanta jartzen die. Baita Gatiburen musika ere, euskalkiei buruz aritzeko. Madrilen euskara irakasle izatea “niretzat ez da meritua" dio. "Euskara asko gustatzen zait eta duela denbora asko konprenitu nuen Estatu espainiarrean hizkuntza desberdinak zirela: niri gustatuko litzaidake ikustea Espainiako eskoletan pixkanaka euskaraz, katalanez eta galegoz ere erakusten dela", gehitu du. Bereziki euskara oso erakargarria da berarentzat. Egun katalana ere ikasten dihardu.

Madrilgo Euskal Etxean hasi zen euskara ikasten. Gero, Lazkaoko Maizpide barnetegira joan zen, oporretan: "Hiru hamabostaldi egin nituen, hiru udatan, nire oporretan. Eta han asko ikasi nuen", esan digu.

Duela sei bat urte konturatu zen Madrilen jende askok ikasi nahi zuela euskara baina ez zegoen aukerarik. Horrela, lehenengo Carabancheleko etxe okupatuetan hasi zen klaseak ematen. 2016an, berriz, Martin de Vargas kaleko Pasillo Verde zentro sozialean lokal bat utzi zioten eta ordutik bertan ematen ditu eskolak. Entzun hemen elkarrizketa osorik!

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)