Itxi

Sestao

La Naval ontziolaren agonia

Ezustekorik ezean, La Naval ontziola itxi egingo dute. Langileak kaleratu edo estatuko beste ontziola batzuetan birkolokatuko dituzte. Beste kolpe bat langabeziak gogor zigortutako Sestaorentzat.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Sestaolo La Naval ontziola bere historiaren epilogoa idazten hasita dago. 1909an abiatu zen historia, garai hartako gurutzontzirik handiena eginez ekin zion lanari ontziolak, Alfonso 13.a gurutzontzia eginez. Une gorenetan, 3.500 langile izatera iritsi ziren, eta Bizkaian eraikitzen ziren 10 ontzitik 6, La Navalen egiten ziren.

Agonia luze baten azken arnasak direla esan dute askok. Eta denek nahi luketen arren erratuta egon, errealitatea gordina da. Hartzekodunen konkurtsoan dago ontziola 2017ko abuztuaren 30etik, eta pasa den udazkenetik, enplegua deusezteko enplegu erregulazio espedientea (EEE) dago indarrean.

EEEaren negoziazio fasea datorren asteazkenera arte luzatu da, gaur eta bihar Madrilen diren bilerek eman dezaketen emaitzaren zain. Langileen birkolokazio baldintzei buruz hitz egiteko da bileretako bat, inbertsiogile berri batek ontziolaren ardura hartzeko aukerari buruz aritzeko bestea. Langileek uste dute, ordea, balizko inbertsiogile hori langileak kaleratu edo birkolokatu ondoren etorriko dela, eta horregatik, euren artean etsipena da nagusi. Horren lekuko izan da 'Faktoria'n.

Koldo Maruri 2004an aurre-jubilatu zen La Naval ontziolatik, ia lau hamarkadatan bertan lan egin ondoren. Kudeaketa txarraren ondorioz heldu dira, bere ustez, gaur egungo egoerara eta bizi dena iragarritako heriotza baten kronika da. Alberto Vazquezek, gaur egun La Navalen langile denak, etsipenez bizi du uneotako egoera. Uste du ez Eusko Jaurlaritzak, ez Espainiako gobernuak ez dutela egin zezaketen guztia egin.

Sestaoko herritarrek ere kezkaz bizi dute ontziolaren itxiera aukera, Euskadin langabezia tasa handiena duen herriarentzat kolpe latza izango delako. Ainhoa Basabe jardunean Sestaoko alkate denak herriarentzat kolpea dela aitortzen du eta udalaren konpromezua berretsi du,  La Naval ontziolaren lurrak industrialak izaten jarrai dezaten, eta ahal dela ontzigintzarekin loturiko jarduerak jarrai dezan.

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)