Itxi

Bikozleek, planto

Zinema Euskaraz programa, kolokan

Bikozle Euskaldunen Elkarteak uko egin dio haurrentzako filmak bikoizteari. Lanaren egonkortasuna eta baldintzak hobetzea eskatzen dute. Kultura Sailetik konponbide zaila ikusten diote auziari.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Gaur zortzi estreinatuko da Dragoi Bola filma. Haren atzetik iritsiko da Lego 2 aretoetara  eta hori izango da euskaraz bikoiztuta estreinatuko den azken filma. Hortik aurrera, Zinema Euskaraz programari eutsiko ote zaion jakiterik ez dago, Bikoztaile Euskaldunen Elkarteak, BIEUSEk, planto egin duelako.

Xabier Alkiza Elkarteko kideak salatu du azken urte hauetan bikoiztaileen lana erabat prekarizatu dela hemen, erakunde publikoek prezioak % 35 jaitsi dituztela azken sei urte hauetan eta euskarazko lanak laurden batera murriztu direla tarte horretan. Ezinbesteko jotzen dute, hortaz, euskaraz lan egiteko profesionalak izango badira, lan bolumena handitzea.

Une honetan, Zinema Euskaraz programaren baitan, urteko 12 film bikoizteko konpromisoa hartua dauka Eusko Jaurlaritzak.  Haur eta gaztetxoentzako filmak, denak.

Izan ere, Kultura sailak haurrentzako bikoizketari ikusten dio zentzua. Helduentzako ikus-entzunezkoetan, jatorrizko bertsioari eutsi eta euskaraz azpi-idaztearen aldeko apustua defendatu izan du. 

Elkarteko datuen arabera, gaur egun, 70 bikoiztaile profesional inguru daude sektorean eta horietatik 40 elebidunak. 33 kide batzen ditu une honetan, BIEUSEk. Oraintxe, harremanak hautsitzat dituzte Jaurlaritzarekin.

Kultura saileko iturriek diote ezin dutela profesional hauek eskatzen duten egonkortasuna bermatu. Onartu dute akordiorik gabe amaitu zela azken bilera eta arazo bat badagoela. Ahaleginean jarraitzeko borondatea badutela gaineratu dute, baina konponbidea zaila dela ezkutatu gabe.

 

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)