Asteartean
Arnaldo Otegi, EH Bilduren koordinatzailea, 'Faktoria'n
Eskoletako aurrematrikulazio kanpainari begira ere jarriko gara.
Arnaldo Otegi, EH Bilduren koordinatzailea, izango da astearte honetako 'Faktoria'ko gonbidatu nagusia. 09:00etatik aurrera erantzungo die Maite Artolaren galderei, Javier Arrieta eta Ainhoa Etxaide kolaboratzaileekin egingo dugun aktualitateko solasaldiaren barruan.
Bestalde, eskoletako aurrematrikulazio kanpaina abiatu dela eta, aholkularitza emateko informazio bulegoak jarri dituzte Gasteizen, Arrasaten eta Bilbon. Gasteizen jarri duten informazio puntuetako batean izango gara.
10:00etan, magazinari ekingo dio Manu Etxezortuk. Hasteko, gaur egun dena baloratzeko dagoen joera aztertuko dugu Josune Blanco eta Uxune Martinezekin. Bermeoko Lurdeia landetxearen kasua ezagutuko dugu tartean. Tripadvisorren esan dute munduko landetxerik onena dela kalitatea eta prezioa kontuan hartuta. Haragiak izen txarra hartu duela eta, harategietan salmentak jaitsi ote diren galdetuko dugu, eta hainbat barruki jateko ohitura erabat galdu den ere bai. Hain zuzen ere, barruki horietako batekin osatu beharko dute eguneko errezeta Pili Manterola eta Igor Zalakainek. Gainera, InfluenZER jardunaldian zer aztertzen ari diren kontatuko digu Mikel Olaizek.
07:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.