LGTBI kirolariak
'Gizon futbolariak 'armairutik ateratzeak' gazte askori lagunduko lioke'
Gorka Otaegi
Faktorian bildu ditugun LGTBI kirolariek ohartarazten dute gizartearen 'zuzentasun politikoa'ren azpian 'ezkutuko homofobia handia' dagoela
Your browser doesn’t support HTML5 audio
"Erreferenteak behar ditugu; jarraitu beharreko ereduak. Bestela, gazte batzuek beren buruaz beste egiten jarraituko dute, eta, beste batzuek, ez dagozkien pertsonekin ezkontzen". Aho bizarrik gabe hitz egin du Euskadi irratiko Faktoian Espainiar Estatuan federatutako lehen futbolari transexualak; Izaro Antxiak. Defendatu du gizarteari eta, batez ere, gazteei on egingo liekeela askorentzat idoloak diren 1. mailako LGTBI futbolariak "armairutik ateratzeak".
Dena den, horretarako, "hainbat beldur eta zailtasun" gainditu beharko liratekeela uste du 8 urtez Realeko kapitain izan zen Larraitz Lukasek: "Gizon futbolariek beldurra dute euren sentimenduak diren bezala adierazteko. Futbola da gizarte patriarkal eta matxista ondoen islatzen duen kirola: Emakume futbolarioi onartzen zaigu "armairutik irtetea", azken finean, gizarte matxistaren ikuspuntutik asko dugulako gizonetik", dena den, Lukas-ek salatu du gizarteak gizon futbolariei ezartzen dien rola "oso bestelakoa" dela: "matxoak izan behar dute, guapoak eta gainera aberatsak".
Eredu horretatik irteten den lehen gizon futbolariak "arazo eta irain larriak" jasan beharko dituela ohartarazi du Gasteizko Miaukatuz Volley taldeko David Miguel-ek. Dena den, argi du batek egingo balu, ondoren "mordo batek" egingo lukeela. Iritzi bera du Jon Cadierno bere taldekideak: "Uste dugu gizartea eraldatu egin dela, politikoki zuzenak gara, baina, ezkutuko homofobia oso zabalduta dago. Gizartea ez dago prest bakoitzaren sentimenduak diren bezala onartzeko", gaineratu du Larraitz Lukas-ek.
Egoerari buelta emateko, asteburu honetan Gasteizen egingo duten Sagardovolley LGTBI eta emakumeen eskubideen aldeko txapelketaren berri ere eman digute.