Asteazkenean
Idoia Mendia, PSE-EEko idazkari nagusia, 'Faktoria'n
Magazinean, bestalde, Luar Agirre transexuala elkarrizketatuko dugu, Frantzian 18 urteko gazteei emango dieten 500 euroko bonuaz ariko gara eta Zorokiain herrira joko dugu.
Kataluniako prozesu subiranista bultzatu zuten politikarien kontrako epaiketa hasi eta biharamunean, 'Faktoria' albistegira etorriko da Idoia Mendia, Euskadiko sozialisten idazkari nagusia. Auzitegi Nazionalean abiatu den auzibideari buruz eta Estatuko hauteskunde orokorrak aurreratzeko aukerari buruz galdetuko diogu Mendiari. Solasaldiaren tartean, 09:05ean, espero dugu PSE-EEko idazkari nagusia.
Saioa amaitu aurretik, pelikula baten gomendioa jasoko dugu. Astero moduan, aktualitatetik bere betaurrekoekin begiratu, eta film bat ekarriko digu Koldo Almandoz zinemagileak.
10:00etan ekingo dio magazinari Manu Etxezortuk. Hasteko, Luar Agirre transexualari elkarrizketa egingo diogu. Gainera, Frantzian 18 urtekoei 500 euroko bonua emango diete kulturan gastatzeko eta Nerea Reparazek kontatuko dizkigu xehetasunak; gazte pare batekin ere hitz egingo dugu. Bestalde, Frida Kahlori buruzko erakusketa bisitatuko dugu Aieteko kultur Etxean, eta Zorokiain herrira egingo dugu bisita. Nafarroako Untzitibarreko herri txiki hau hutsik zegoen eta Iruñeko bederatzi familiak erosi dute. Berritzen ari dira, bertara bizitzera joateko asmotan.
07:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.