Itxi

Aitor Esteban

'Kataluniako diputatu gehienak damututa daude aurrekontuak baztertu izanaz'

Estebanen esanetan, alderdi kataluniarrek ez dute denbora ongi kudeatu aurrekontuen negoziazioan, eta estrategia zurrunegia izan dute, autodeterminazioari buruz hitz egitean tematuta.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Aitor Esteban EAJren diputatuaren esanetan, Kataluniako alderdiek aurrekontuen inguruan Espainiako Gobernuarekin izan duten negoziazioan oso estrategia zurruna eraman dute. 'Faktoria'n esan digunez, autodeterminazioari buruz hitz egitea posible izan zitekeela uste du, baina terminoa bera paperean jarri gabe, PSOEkoak ez zeudelako horretarako prest. Negoziazioetan, dio Estebanek, argi izan behar da alde bakoitzak ze muga dituen. PSOEri ere gogorarazi dio, orain horri buruz hitz egin nahi ez badu ere, autodeterminazioa onartu izan duela beste garai batean.

Alderdi kataluniarrek denbora ez dutela ongi kudeatu ere ikusten du jeltzaleak, eta euren parlamentari gehienak damututa daudela aurrekontuak atzera botatzeko harturiko erabakiarekin. PDeCATeko talde parlamentarioaren baitan ere zatiketa handia dagoela adierazi du.

Behin hauteskundeak deituta, gustura dago Esteban ez direlako maiatzaren 26an izango. Egun horretan udal, foru eta Europako hauteskundeekin bateratu izan balira, hauteskunde orokorretako mezuek gainerako guztiei itzal egin, eta bertako gaiei buruz hitz egitea oso zaila izango zelako.

Ez du baztertzen, apirilaren 28ko hauteskundeen ondoren geratuko den eszenatokia oraingo antzekoa izatea, eta Sanchez berriz ere presidente izateko zentsura mozioa babestu zutenekin akordioa lortu beharra. Kezka sortzen dio Estebani, bestalde, eskuineko alderdiei Euskal Herrian zaien beldurrak botoa baldintzatzea eta Pedro Sanchez babesteko joera egotea.

Legealdiari geratzen zaizkion asteetan uste du badagoela denbora Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari zor zaizkion hainbat eskumen transferitzeko. Espainiako gobernuari gaur bertan oharra bidaliko diola jakinarazi du, gogoraraziz transferentzien gaia. Eskumen batzuk Jaurlaritzaren eskura jartzea oso kontu teknikoa dela, hauteskundeen aurretik egingarria dela uste du. Lemoizko zentral nuklearra dagoen lurren jabetza, esaterako, egingarri ikusten du eta baita trafiko eskumena Nafarroako Gobernuaren esku uztea ere. Jabez aldatu gabeko gaiak geratuko diren arren, Estebanek dio Espainiako Gobernu batek onartu izana Jaurlaritzari eskumenak zor dizkiola, urrats garrantzitsua da, hurrengo negoziazioei begira.

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)