Mari Luz Esteban
'Fronte herritarra sortu da martxoaren 8ari esker'
Orain arte militante izan ez diren emakume ugari feminismoaren alde mobilizatzeko prest daudela adierazi digu antropologoak.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Mari Luz Esteban EHUko antropologia irakasle eta Ikasketa Feministak eta Generokoak doktorego programako arduradunaren esanetan, iazko martxoaren 8ko mobilizazioen arrakasta ez da bat-batean sortu zen ustekabea izan, aurretik martxan jarritako protesta kate luze batzuen ondorio baizik. Ordutik hona, Estebanek argi ikusten du fronte herritar bat sortu dela, orain arte mobilizatu gabe zeuden emakumeen eta mugimendu feministaren artean. 'Faktoria'n esan digunez, ikusteko dago batuketa honek zein garapen izango duen.
Aurtengo martxoaren 8ari begira, antropologoaren ustez, beharrezkoa da lelo abstraktuak alboratu eta gizarteak erraz ulertuko dituen aldarrikapenak egitea, sinpleak, emakumeekin konektatu ahal izateko.
Mari Luz Estebanen ustez, gizonezkoak deskolokatuta eta deseroso daude martxoaren 8aren bueltan sortu den mugimenduarekin, kasu askotan nola jokatu jakin gabe. Positiboa dela uste du, feminismoa bide onean doanaren seinale, posizio egokian kolokatzeko beharrezko delako aurrez zauden posizio erosotik mugitzea.
Arriskutsutzat jo ditu, bestalde, azaleko kontsentsu politikoak eta politikoki zuzenak diren diskurtsoak, eragiten dutelako kontrako jarrerak eta eraso sotilak identifikatzea zailagoa izatea.