Astelehenean
Martxoaren 8aren atarian, Euskal Herriko Bilgune Feminista, 'Faktoria'n
Maria Sarasola eta Amaia Zufia Euskal Herriko Bilgune feministako kideak izango ditugu gonbidatu.
Maria Sarasola eta Amaia Zufia Euskal Herriko Bilgune feministako kideak izango ditugu gonbidatu asteleheneko 'Faktoria'n. Zumarragako asanbladako kide da Sarasola, Iruñeko asanbladakoa Zufia. Biekin arituko gara ostiralerako deitua dagoen grebaren atarian sortu den giroaz eta gizartean izaten ari den eraginaz.
Aurrez, Mikel Aramendi gure nazioarteko adituarekin Pakistan eta India hartuko ditugu hizpide, bi herrialde horien artean tentsioak gora egin baitu.
Iñaki Galdos, Gaizka Aranguren, eta Javier Prieto Mendazarekin aztertuko dugu aktualitateak emandakoa.
10:00etan ekingo dio magazinari Manu Etxezortuk. Hasteko, estresatuta gaudenean zergatik gaixotzen garen gehiago erantzuten saiatuko gara Eneritz Gomez Lazarorekin. Bestalde, Donostiako Loiola auzoan eguberritan jartzen duten panpinez egindako jaiotza bereziaz hitz egingo dugu, prestaketan hasita daudelako. Pili Jauregi da jaiotza honen arduraduna. Azkenik, Aratz Trecet emakume arotza ere gonbidatu dugu saiora.
07:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.