Itxi

San Frantzisko auzoa

Okupatutako etxeak eta droga kontsumoa

Bilboko San Frantzisko auzoan bizilagun askorentzat kezka eta arazo iturri bihurtu dira okupatutako pisuak. Polizia gehitu den arren, arazoak ez dira desagertu.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Aspaldiko hilabeteetan Bilboko San Frantzisko Auzokideak elkarteak salatu du arazo bihurtuta daudela okupatutako etxebizitza eta etxabeak. Euretako askotan droga salerosketa eta legez kanpoko jarduerak izaten direla salatzen dute. Txema Perez, elkarteko kidearen esaneten polizia gehiago badago ere, legeak ez die eurei ere bide ematen era eraginkorrean aritzeko.

Cortes kaleko bizilagun batek azaldu digu nola saiatu ziren berak duen pisu bat okupatzen. Okupatzaileak barruan ez zeuden une bat baliatu zuen berak, etxera sartu eta polizian salaketa jartzeko. Iñigo Santxo abokatuak azaldu digu, barruan baleude eta bertan hainbat egun daramatzatela frogatzen badute, bizileku izaera aitortzen dela eta epaitegietako bide luzea hasi behar dela kaleratzea gauzatzeko.

Kepa Urkitza auzotarrak, bestalde, euren atarian duten ‘patera pisuak’ elkarbizitza arazoak sortzen dituela azaldu digu. Droga saltzen dela dio, zaratak eta higiene arazoak daudela eta horrek eguneroko bizimoduari eragiten diola. Urkitzak argi du poliziarekin bakarrik ez dela egoeraren konponbiderik etorriko, eta hezkuntzaren balio integratzailea beharko dela arazo hauei irtenbidea emateko.

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)