Muskiz sutea
'Suteen prebentziorako ere, basoen bioaniztasuna bultzatu behar da'
Eukalitadia da Muskizko sutean erre den eremu zabalena. Erraz su hartzen duen espeziea izateaz gain, mantenurik egiten ez denez, arbola artean sasiek suari bidea errazten diote.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
'Faktoria'n adierazi digunez, Xabier Barreiro Bizkaiko Basozainen elkarteko kideak argi du basoen kudeaketan bioaniztasuna dela zaindu beharreko ardatzetako bat, espezie desberdinen arteko orekara joaz. Monokultiboak kalte iturri dira, besteak beste, gaitzak erraz hedatzea dakartelako.
Eukaliptoa urtez urte geroz eta baso gehiagotan landatzen da. Hazi Eusko Jaurlaritzako Landa, Itsasertz eta Elikagaien sustapenerako fundazioaren datuen arabera, 18.750 hektarea hartzen ditu jada, eta urtez urte handitzen ari da eremua. Pinuaren gaitzaren ondorioz, baso jabe askok ere eukaliptoaren alde egin dute, urte gutxian etekinak ematen dituelako.
Barreiroren esanetan, etekin ekonomikoaz haratago, ingurumenean duen inpaktuari begiratu behar zaio, eta batez ere aniztasun ezak dakartzan kalteei. Pagoak, haritzak, arteak edota Douglas izeiak espezie interesgarriak dela nabarmendu digu, eta epe ertainean oso baso aberatsak sor ditzaketela.
Muskizko sutea nahita eragindakoa izan dela argi dute Bizkaiko basozainek, baina ez dute uste ganaduzaleren batek larreak berritzeko egindako erreketa baten ondorioz zabaldutakoa denik. Era honetako erreketak asko gutxitu direla dio Barreirok, abeltzainekin egindako lanari esker.