Unai Rementeria
'La Navalen eremuan proiektu industrial berritzaile bat sortuko da'
Ezkerraldea eta Bizkaia industria direla nabarmendu du Bizkaiko ahaldun nagusiak eta lan erregulazio espedientearen epea amaitu ondoren, ontziolaren eremuan aukera berriak sortuko direla uste du.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak Euskadi Irratiko 'Faktoria'n nabarmendu du enpresa pribatuak badaudela interesa dutenak La Naval ontziolaren eremuan jarduera industrialarekin jarraitzeko. Lan erregulazio espedienteak iraun duen bitartean ez dela posible izan erakartzerik, baina behin hori amaituta uste du posible izango dela aukera berriak sortzea. Proiektu industrial berritzaile bati buruz aritu da Rementeria eta ontzigintzarekin loturikoa izan daitekeela esan du, nahiz eta ez derrigorrez.
Aitortu du, beherako joeran doan arren, langabeziak jarraitzen duela bere kezka nagusia izaten. Horri aurre egiteko estrategian kokatu ditu Bizkaia Dorrean ezarriko den berrikuntza gunea. Gero handiago bihurtuko diren enpresen jaioleku izango dela defendatu du, enpresen Lezama moduko bat.
Ziurgabetasuna ekonomiarako kaltegarri den arren, brexit-aren inguruan sorturikoak orain arte behintzat Bizkaiko ekonomiari ez diola kalterik egin nabarmendu du. Otsaileko diru bilketa datua jarri du adibide, iaz baino %3 gehiago bildu baita zergetan.
MTVren moduko ekitaldi handiak defendatu ditu, bere esanetan horiek balio dutelako mundu guztitik datorren jendeari erakusteko zer nolako ekosistema eta azpiegiturak ditugun Euskadin. Iaz egindako era honetako ekitaldiek 175 milioi euroko inpaktu ekonomikoa izan zutela nabarmendu du.
Horrelakoak lortzeko egonkortasun politikoak duen garrantzia ere aipatu du Rementeriak eta estatu mailan dagoen zurrunbilo politikoarekin alderatuta Bizkaian bestelako giroa dagoela azpimarratu du, desberdin bozkatzen delako. Argi utzi du Madrilen eta Katalunian bezalako iskanbilarik ez duela Bizkaian nahi.