Bakardadea eta adina
Adinekoen zaintza, auzotarren esku
Bakarrik bizi diren adineko pertsonak babesteko sarea osatzeko lehen urratsa egin dute landa eremuko hainbat herritan, tartean Zerainen.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Adinak berekin dakartzan arazoei aurre egiteko, gizarte zerbitzuak herrigune handietan baino urrutiago dituzte landa eremuan. Adinari gehitzen zaion arazoa, askotan, bakardadea izan ohi da. Hori dela eta adinekoen zaintza komunitariorako sareak sortzen hasi dira hainbat tokitan. Gipuzkoako Goierrin, Zerain da adibide horietako bat, eta hara jo dugu 'Faktoria'n. Iaz egin zuten froga pilotua Agintzari kooperatibak gidatuta. Ogi banatzaileak, herriko aguazilak eta beste hainbat herritarrek osatu zuten sarea, besteak beste.
Landalab izeneko egitasmo honen frogan, Aitor Basurto, Agintzariko gizarte laguntzailea eta antropologoa izan zuten gidari. Basurtok adierazi du diskrezioz eta begirunez egin behar den egitasmoa dela, eta behatze lana herritarrek egin arren, azkenean esku hartzen duena beti izango dela profesionala.
Zerainen bezala, Leintz Gatzagan, Angiozarren, Orozkon eta Orduñan ere abiatu dituzte era honetako proiektuak, toki bakoitzean garapen maila desberdina den arren.
Lehenengo urratsa beti izaten da herriko mapa kuantitatibo bat osatzea: adinekoak zein etxetan bizi diren eta bakarrik ote dauden finkatuz. Mapa kualitatibo batean, berriz, herrian dagoen elkar ezagutza eta saretze maila neurtzen dira. Horiek kontuan hartuta proposatzen da nola jokatu.
Herri bakoitzean kasu ezberdinak baldin badaude ere, egoera berdintsuak ematen dira.
Landalab proiektua herri txiki eta landa eremuetara dago bideratuta, baina, Basurtok azaldu du hirietan ere gertatzen dela adineko pertsonak bakarrik eta gertuko laguntzarik gabe bizitzea. Horregatik jarri dute abian Hirilab egitasmoa ere, momentuz Santurtzin aztertzen ari direna.