Astelehenean
Jokoaz, 'Faktoria'n
Erredakzioa | G.U.
Azpeitian joko aretoen kontra sortutako mugimendua aztertuko dugu. Gainera, Donostiako Txomin-enearen eraldaketaz ariko gara.
Azpeitian makina txanponjalea kentzea erabaki du Eperra tabernako jabeak. Jokoarekin lotutako adikzioari aurre egin nahi izan dio hala, gogoeta pertsonal baten ondoren. Testigantza horretatik abiatuta, herrian joko aretoaren kontra sortu den mugimenduaz ere arituko gara Elkar-Ekin plataformako Eneko Ibargunekin. 09:30etik aurrera izango da hori. Aurrez, solasaldiaren tartean, Iñaki Galdos, Gaizka Aranguren eta Iñigo Adurizekin arituko da 'Faktoria' aktualitateaz. Eguneko sinadura Mixel Berhokoirigoinek jarriko du 08:00etako albistegiaren aurretik.
10:00etan ekingo dio magazinari Manu Etxezortuk. Hasteko, Lanestosara joko dugu, AEMETek Gorabidek duen estazio meteorologikoari saria emango diolako. Kirol solasaldiaren ondoren, Donostiako Txomin-enea auzoaren eraldaketaz ariko gara. 11:30ean, Mindara elkartea dibertsitate Funtzionala dutenekin futbol taldea osatu nahian dabilenez, Juan Luis Asensiorekin hitz egingo dugu. Segidan, Miren Akordagoitia, San Telmo museoaren hezkuntza teknikaria ezagutuko dugu, eta, 12:00etan, Ekogunearen tartearen ostean, berriz ere joko dugu Txomin-eneara.
07:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.