Asteazkenean
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, 'Faktoria'n
Gainera,Onintza Irureta 'Argia'ko kazetaria etorriko zaigu eta Gastroandere ekimenaren berri ere izango dugu.
Euskadi Irratiko asteazkeneko 'Faktoria' saioan, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu eta bozeramailea elkarrizketatuko du Maite Artolak, 09:00etatik aurrera. Askotariko gaiak izango ditugu hizpide; besteak beste, transferentziak, hezkuntza gaiak eta Osakidetzako auzia.
Solasaldian, Amaia Espinosak, Laura Mintegik eta Iker Riojak errepasoa egingo diete gaurkotasunari lotutako gaiei. Aurretik, Elixabete Garmendiak sinatuko du eguneko zutabea, 08:00etako albistegiaren aurretik.
10:00etan ekingo dio magazinari Manu Etxezortuk. Hasteko, "Zaintzako Langileen Borrokak" izeneko mahai ingurua izango da bihar Bilboko Kafe Antzokian. Argia aldizkariaren 100. urteurrena ospatzeko ekitaldietako bat da eta moderatzen ariko den Onintza Irureta Argia-ko kazetaria izango da gurean. Mahai inguruaz eta “Berdea da more berria” bere liburuaz ariko zaigu. Bestalde, alargunen pentsioen etorkizunaz hitz egingo dugu Elixabete Errandonea EHUko lan harreman eta gizarte langintza fakultateko irakaslearekin. Pentsioak nola kalkulatzen diren ere aztertuko dugu. "Señor_k" egitasmoa ere ezagutuko dugu: esperientzia pertsonalei buruz gune seguruan hitz egiteko egitasmoa da, Tobacco Days liburudendak antolatutakoa. Azkenik, Gastroandere, belaunaldi ezberdinetako emakume sukaldariak omentzeko ekitaldia dela eta, Getariako Iribar, Ordiziako Martinez eta Ereñozuko Fagollaga jatetxeko sukaldari izandako hiru emakume etorriko zaizkigu, Klaudia Iribar, Kontxita Telleria eta Maria Jesus Bengoetxea.
07:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.