Argazkilaritza analogikoa
'Pazientzia behar da, baina prozesuarekin asko disfrutatzen dut'
Juxe Aretak Errenterian du bere Black Irudi Faktoria. Aro digital honetan, batez ere modu analogikoan ateratzen ditu argazkiak. Bere estudioa, galeria eta laborategia ezagutu ditugu.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Afizioz, kontzertuetan ateratzen zituen argazkiak. Musikariei, teknikariei, publikoari... Afizioa ofizio bihurtu eta duela urte dezente argazkilaria da Juxe Areta. Berezitasuna... argazkiak, batez ere, modu analogikoan ateratzen dituela. Errenterian du bere estudioa, Black Irudi Faktoria, galeria txiki bat ere badu bertan, baina laborategia, edo berak esaten duen moduan, 'bunkerra', aitonaren ikuilua izandako lekuan du, Gaztaino auzoan. Etxean baino denbora gehiago pasatzen du bertan. Prozesua luzea da; argazkia ateratzen duenetik errebelatu arte, hilabeteak pasa daitezke. Baina... gustuko lekuan, aldaparik ez!
Kontzertuetan ateratako argazkiekin 50 erakusketa baino gehiago egin ditu orain arte. Momentu honetan, Donostiako La Cuchara de San Telmo jatetxean erakusketa bat du eta uda osoan ikusgai egongo da. Gero, Donostiako Gasteszena aretoan erretratoetan oinarritutako erakusketa bat jarriko du, eta horretan dabil burubelarri.