Itxi

Zientzia

Antxon Alberdi: 'Zulo beltzaren argazkia ikustea zirrara itzela izan zen'

Zulo beltz bati inoiz ateratako lehen argazkiak guraso asko ditu. Horietako bat da Antxon Alberdi donostiarra, Andaluziako Astrofisika Institutuko zuzendaria.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Antxon Alberdik bizitza guztia darama galaxien bihotzari begira: hor kokatzen dira zulo beltzak. Bertan, grabitatearen indarra hain da itzela, gehiegi inguratzen zaion materia eta argi oro xurgatzen baitu gorputz honek.

Zulo beltzen inguruan asko hitz egin da. Teorian, Albert Einsteinek berak aurreikusi zuen haien existentzia, orain dela mende bete. Praktikan, fisikariek makina bat zantzu aurkitu izan dituzte, zulo beltzak izan badirela frogatzen dutenak. Baina oraingoan ez dira zantzuak: zulo beltza ikusi egin dute, erretratua egin diote. Hori da nobedadea.

Argazki honek berrehun gurasotik gora ditu, eta Alberdi da horietako bat. Mundu osoko zortzi teleskopio aritu dira elkarlanean erretratua egiteko. M87 izeneko galaxian dagoen zulo beltz hau Lurretik 55 milioi argi urtera baitago, eta bere masa erraldoia da, Eguzkiarena halako 6.500 milioi. Egundoko koordinazioa behar da, halako gorputz erraldoia atzemateko.

Argazkia, berez, ez da zulo beltzaren argazkia, erabat iluna den gorputzari ezin baitzaio erretraturik egin. Zulo beltza inguratzen duen eraztun argitsua eta haren barruan sortzen duen itzala da, benetan, ikusten duguna.

Proiektua ez da hemen bukatu. Hain urrutira joan gabe, gure galaxian bertan dagoen zulo beltzari argazkia ateratzeko ahaleginetan ere ari dira. Uste baino arazo gehiago eman dizkie, besteak beste, hura estaltzen duen hautsaren erruz, baina Alberdik dio lortuko dutela argazkia. Asko jota, bi urteren buruan.

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)