Maiatzaren 8an
Adierazpen askatasuna eta ogi kontuak, asteazkeneko 'Faktoria'n
Abel Azcona artista iruindarraren kasuaren haritik, adierazpen askatasuna izango dugu hizpide. Gainera, Ogiaren etorkizuna izango dugu mahai gainean Mikel Galparsoro eta Edorta Salvador okinekin.
Pederastia salatzen duen performance baten harira deklaratzera deitu dute Abel Azcona Iruñeko artista, baina deklaratzera joateari uko egin dio, eta Portugalen dago. Artistak berak azaldu duenez, Portugalek asiloa eskaini dio, eta eskerrak eman dizkio, adierazpen askatasunaren aldeko jarreragatik. Haren kasua abiapuntu hartuta, asiloa eta adierazpen askatasuna hizpide izango ditu asteazkeneko 'Faktoria' saioak.
Horrez gain, gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako grebari ere erreparatuko dio saioak. Zinema arlokoak Koldo Almandozek ekarriko ditu, ohi bezala.
Solasaldian, Jasone Aretxabaletak, Laura Mintegik eta Iker Riojak parte hartuko dute. Eguneko zutabea, berriz, Elixabete Larrinagak sinatuko du, 08:00etako albistegiaren aurretik.
10:00etan ekingo dio magazinari Manu Etxezortuk. Hasteko, Mini autoak 60 urte beteko ditu bihar eta Asier Lasa Mini-zale amorratuarekin hitz egingo dugu. Bestalde, “Erraza da” ekimena ezagutuko dugu. Donostiako ostalariek euskara ikasteko ekimena da. Gainera, Elkar sarien atariko gisa MA kolektiboa izango dugu. ‘Lua kastore’ antzerki eta dantza ikuskizuna eskeiniko dute Elkar sarien banaketa ekitaldian etzi. Iaz Joseba Jaka beka jaso zuen MA kolektiboak. Azkenik, ogiaren etorkizuna izango dugu, bestalde, mahai gainean Mikel Galparsororekin (Galparsoro okindegia) eta Edorta Salvadorrekin ( Pan Baker).