Itxi

Zientzia

Atunak gibeleko minbiziaren prebentzioan izan ditzakeen onurak ikergai

CIC Biogune zentroak ikerketa jarriko du martxan, atuna jateak gibeleko minbiziaren prebentzioari nola lagundu diezaiokeen argitzeko. Finantzazioa lortzeko, ekimen solidarioa abiarazi dute Bermeon.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Minbizi guztien artean, gibelekoa seigarren arruntena da munduan. Heriotza gehien eragiten dituen bigarren minbizi mota ere bada, eta gaitz hau jasaten dutenen biziraupen tasa, hamar urteren buruan, ehuneko hamarretik beherakoa da. Diagnostikatzen oso zaila delako gertatzen da hori.

Atunaren kontsumoak gibeleko minbiziaren prebentzioan zer onura dakartzan ikertu nahi dute CIC Biogunen, Iker Oihenartek eta bere lankideek. Atunak Omega 3 asko baitu, eta gantz azido hori lagungarria izan liteke.

Hala, Bermeo Tuna World Capital elkarteak kanpaina solidarioa abiarazi du, Minbiziaren Aurkako Elkartearen bitartez, Biogunen egitekoak diren ikerketa hau finantzatzeko. Parte hartu nahi dutenek argazkia atera behar dute atuna jaten, eta sare sozialetara igo, honako traola jarrita: #bermeotunaminbiziarenaurka. Argazki bakoitzeko, euro bat bideratuko dute Biogunera.

Maiatzaren 20ra arte dago martxan kanpaina, eta asteburu honetan bertan egingo duten Bermeoko 25. Arrain Azokan emango diote bultzada.


Audioak (1)

Informazio gehiago (2)