Itxi

Jesus Egiguren

'Urrutikoetxearen atxiloketarekin ez da ezer garrantzitsurik lortzen'

PSEren presidente izandakoa 'ezustean' harrapatu du ETAko buruzagi politiko ohiaren atxiloketak, eta 'ETAren bukaeran parte handia' izan zuela azpimarratu du.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Josu Urrutikoetxea ETAko buruzagi politiko ohiaren atxiloketak ezer garrantzitsurik ez duela ekarriko uste du Jesus Egiguren PSEren presidente izandakoak. Euskadi Irratiko 'Faktoria'n esandakoaren arabera, poliziak lokalizatuta zeukala uste zuen, eta nahita ez zuela atxilotzen, 'gauzak ez gehiago nahasteko'. Izan ere, buruzagi sozialistaren hitzetan, "ETAren amaieran parte handia izan zuenez, beharbada, gauzak zeuden bezala uztea" hipotesi posiblea zen.

ETAk PSOErekin Oslon izandako elkarrizketetan ezagutu zuen Egigurenek Urrutikoetxea. Are gehiago, Norvegiako zerbitzu sekretuen hegazkin berean bidaiatu zutela biek. "Nik izandako elkarrizketetan argi ikusi nuen Urrutikoetxeak ETArekin bukatzeko nahia zuela, baina ez zuela nahikoa indar ETAren barruan. Itxura denez, gero egin ziren aldaketekin, lortu zuen indar hori", adierazi du. 2018ko maiatzaren 3an berak eta Marixol Iparragirrek irakurri zuten ETAk bere amaiera iragartzeko egindako azken agiria.

Audioak (1)