Maiatzaren 16an
Euroligako Lauko Finala eta Ana Zubiaga, ostiraleko 'Faktoria'n
Magazinean, lauko finala dela eta saioa Gasteiztik egingo dugu gonbidatu sorta zabalarekin. Hauteskunde elkarrizketen baitan, Denis Itxaso (PSE) izango dugu.
Askotariko gaiek zipriztinduko dute ostiraleko 'Faktoria' saioa. Besteak beste, Osakidetzako Lehen Arreta zerbitzuan deituta dagoen grebari jarraipena egingo diogu, baita Gasteizen hasiko den Euroligako Lauko Finalari ere.
Ostiraletako elkarrizketa pausatuaren tartean, Ana Zubiaga Euskal Herriko Unibertsitateko Genetika katedraduna elkarrizketatuko du Maite Artolak, 09:30etik aurrera.
Aurretik, maiatzaren 26ko hauteskundeei eskainitako tarterako, Denis Itxaso gonbidatu du ‘Faktoria’-k. Euskadiko Alderdi Sozialistak Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko aurkeztu duen hautagaia da, eta gaur egun Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol diputatu da. Solasaldian, Hedoi Etxartek eta Javier Diaz Nocik parte hartuko dute. Eguneko zutabea, berriz, Maddalen Arzallusek sinatuko du, 08:00etako albistegiaren aurretik.
10:00etan ekingo dio magazinari Manu Etxezortuk. Hasteko, lauko finala dela eta, saioa Gasteiztik egingo dugu gonbidatu sorta zabalarekin. Gainera, Bergarako Aranzadi ikastolan astronautekin egin behar duten zuzeneko konexioaren berri ere emango dizuegu, eta igandean Lekeition ospatuko duten Ibilaldiaren azken xehetasunak ere jasoko ditugu. Azkenik, larunbatean jokatuko den Eurovision jaialdiko kantuak erakutsiko dizkigu Joseina Etxeberriak.