Maiatzaren 31n
Maite Larburu musikaria, 'Faktoria'ko gertuko elkarrizketan
Sormenaz, bizibideaz, bidaiez eta barne bidaiez arituko da biolin-jotzaile hernaniarra. ETB1eko 'Bago!az' saioko finalistak izango ditugu magazinean, eta Oñatiko Ezpeleta aterki enpresan izango gara.
Biolin-jotzailea da Maite Larburu. Europa mendebalde eta erdialdeko ganbera-orkestretan aritzen da, eta hori du bizibidea. Beharra du, berriz, sortzea, eta “hezurren azpitik” atera du bere azken musika-lana, Neighbour proiektua alde batera utzita, oraingoan, bakarrik. Sormenaz, bizibideaz, bidaiez eta barne bidaiez arituko da ostiral honetako 'Faktoria'n.
Aktualitateak uzten dizkigun albiste nagusiak Hedoi Etxarte, Amaia Espinosa eta Jesus Prieto Mendaza solaskideekin landuko ditu saioak. Maddalen Arzalluzek sinatuko du ostiraleko albistegi nagusiaren atariko zutabea.
10:00etan ekingo dio magazinari Manu Etxezortuk. Hasteko, 'Bago!az' saioko finala izango da ostiral honetan, eta hiru finalistak izango ditugu: Danae Riaño, Andrea Garcia eta Eider Etxeandia. Gainera, aterkiak egiten ikasiko dugu. Oñatiko Ezpeleta aterki-enpresa Bilbon ariko da aterkiak nola egiten diren erakusten, eta bertara hurbilduko gara. Azkenik, Euskal Eskola Publikoaren jaia izango da igandean Errenterian, eta EHIGEko Lurdes Imazek egingo digu gonbita.