Ekainak 4
Arnaldo Otegi, asteartean, 'Faktoria'n
EH Bilduren koordinatzailea izango da astearteko elkarrizketatu nagusia. Gainera, BECen izango gara, + industry azokan.
Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusia izango da astearte honetako 'Faktoria'’ko gonbidatu nagusia. 09:00etatik aurrera egingo dio elkarrizketa Maite Artolak, solasaldiaren barruan. Tertulia-kide gisa arituko dira, bere alboan, Ainhoa Etxaide, Javier Arrieta eta Iñigo Aduriz.
Unitate ibiltaria, berriz, Barkaldon izango da. BECen, + industry ekitaldi handia zabalduko baita han, estatu mailako industria topagunerik handiena, bere baitan zazpi azoka hartzen dituena.
Goizeko albistegiaren aurreko zutabea Amatiñok sinatuko du.
10:00etan ekingo dio magazinari Manu Etxezortuk. Hasteko, Selektibitatea hasiko da asteartean Nafarroan. Eta urrutiko herrietakoek hotela hartu behar izaten dute. Bortzirietakoek adibidez. Horren lekuko izango gara bihar Iruñean, Berako institutukoekin dugu hitzordua. Bestalde, arropa kontsumismoa izango dugu gaia Josebe Blanco eta Uxune Martinez-ekin lantzeko. Eta ezagutuko dugu Massachusseteko MIT ikerketa zentroan galtza bakeroak higatzeko erabiltzen dituzten materialen inguruan egiten ari diren ikerketa. Olatz Martinez eta Idoia Ruiz de Apodaca ari dira horretan. Azkenik, Ekaingo margoak aurkitu zituztela 50 urte beteko dira aste honetan eta bihar aztertuko dugu gaia Juantxo Agirre Aranzadiko kidearekin eta Dani Ruiz EHUko ikerlariarekin.