Itxi

Ekainak 14

Gorka Urbizu, ostiraleko 'Faktoria'n

Berri Txarrak taldeko kantaria izango dugu magazinean, Adarra sariaren eta agur biraen haritik. Albistegian, Ana Aizpiri Coviteko bozeramaile berria izango dugu gertuko elkarrizketan.

Gorka Urbizu. Argazkia: Gaizka Peñafiel

Ostiraleko 'Faktoria' saioan Ana Aizpiri elkarrizketatuko du Maite Artolak, 09:30etik aurrera. Kazetaria da, eta pasa den astetik Covite ETAren biktimen Euskadiko elkarteko bozeramailea. ETAk 1988an hil zuen Sebastian bere anaia. Bestelako gaiak ere hizpide izango dituzte: nazioarteko politikari lotutakoak, esaterako. 

Aurretik, beste hainbat gai gertutik jarraituko ditugu: batetik, larunbateko udalen osaketak; eta, bestetik, Skolae Nafarroako hezkidetza programa. Azken horren harira, Nafarroako Justizia Auzitegiak lekuko gisa deklaratzera deitu ditu programan lanean aritu diren hamar lagun. Bihar deklaratu beharko dute. Horien artean dago Malu Ziordia, eta hark emango ditu xehetasunak.

Solasaldian, Hedoi Etxarte eta Javier Diaz Noci gaurkotasunari begira jarriko dira. Eguneko zutabea, berriz, Begoña Muruagak sinatuko du, 08:00etako albistegiaren aurretik.

10:00etan ekingo dio magazinari Manu Etxezortuk. Hasteko, Odol Emaileen Nazioarteko Eguna dela gogoratuko dugu. Ondoren, Idoia Torregarairen umore printza jasoko dugu eta, segidan, naizoarteari begira jarriko gara. ‘Chernobyl’ telesaila estrenatu dute HBO eta SKY plataformek. Hori dela eta, energia nuklearraz eta Chernobyl-i buruz hitz egingo dugu Juanjo San Miguelekin eta Fernando Plazaola Fisika katedradunarekin. 11:00etan elakrrizketatuko dugu Gorka Urbizu, Berri Txarrak musika talde ezaguneko kantari lekunberriarra. Ekainaren 21ean eskuratuko duten adarra saria eta agur bira izango dugu harekin hizpide, besteak beste.





Informazio gehiago (3)