Laureano Telleria
Kanpandorreko erlojuari 40 urtez 'kuerda' emateagatik udalaren omenaldia jaso du
Laureano Telleriak Segurako udalaren omenaldia jaso du San Joan egunez. Elizako kanpandorrera igotzen da astean bitan erlojua ez dadin geratu. 84 urte ditu eta 162 eskailera igo behar ditu.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Erlojuari 'kuerda' ematea zer den ere ahaztu zaigun arren, Laureano Telleriak 40 urte daramatza musu-truk astean bitan 162 eskailera igo eta kanpandorreko erlojuari bizia ematen. Laureanok esan digu geratutako erlojuak 'abandonatutako' itxura ematen diola herriari.
84 urte ditu eta 'neri ere kuerda bukatzen ari zait' esan digu segurarrak. Gaur omenaldia jasotzerakoan zabaldu duen mezua hori izan da, bere eginkizuna hartuko duen norbait behar dela. Gazteek ordea, 'ze diru zeok?' galdetzen omen dute, 'musutruk jende gutxik egiten du lan orain'. Laureanok argitu nahi izan du, erlojua elizan dagoen arren, ez duela elizarekin zerikusirik, 'erlojua herriarena da, udalarena'.
Kuerda nola ematen dion ere kontatu digu eta hainbat bitxikeria ere bai. Adibidez, hotz handia egiten duenean aurreratu egiten dela ordua eta bero handiarekin, atzeratu.