Uztailak 1
Ogiaren etorkizuna, asteleheneko 'Faktoria'n
udako denboiraldiari ekingo diogu astelehenean. Albistegia 07:00etan hasiko da Oihane Yustosek aurkeztuta eta magazina, 09:00etan, Gorka Otaegiren gidaritzapean.
Hego Euskal Herrian, uztailaren 1ean sartuko da indarrean ogiaren kalitateari buruzko dekretu berria. Horren helburua da ogia egiteko eta merkaturatzeko oinarrizko kalitate arauak ezartzea, eta aldaketak ekarriko ditu, besteak beste, ogia ekoizteko prozeduran (ogi integralen kasuan, esaterako). Mikel Garmendia Gipuzkoako okinen elkarteko presidenteak emango ditu xehetasunak, asteleheneko ‘ 'Faktoria' saioan.
Horrez gain, Loiun ere izango gara. Izan ere, aireportuko langileak grebara deitu dituzte CCOO, LAB, USO, ELA eta UGT sindikatuek. 14 greba eguneko lehena izango da astelehenekoa. 142 langileri eragingo die deialdiak.
Bruselara begira ere egongo da saioa, igandean Europako erakundeen osaketa adosteko goi bilera egingo baitute.
09:00etan ekingo dio magazinari Gorka Otaegik. Hasteko, kirol solasaldia izango dugu Iker Gurrutxaga eta Matxalen Ziarsolorekin. Ondoren, kontzentrazioen B aldeaz ariko gara June Loidi eta Maddi Bengoetxea eskubaloi jokalariekin. 10:00etn, Kalealdia jaialdiari buruzko xehetasunak emango dizkigu Pedro Ormazabal zuzendariak. Bestalde, lantegi galduaren bila atala estreinatuko dugu, eta Araiako San Pedro lantegiaz ariko gara Ainara Martinez Matiarekin (Artearen historialaria. Industri ondare eta herri laneko euskal elkartea). Euken Ostolaza tenorea ere izango dugu kolaboratzaile uda honetan, astelehenetan.